Pasa dan urtean Europako Kontseiluaren Museo Onenaren saria jaso eban Euskararen Etxeak

Euskararen Etxeak Urteko Europako Museoen Sarien (EMYA) ekitaldia hartuko dau asteon

Iurdana Acasuso: “Euskeraren bizindarrari buruzko erakusketea planteatzen dogu”

Iurdana Acasuso, Euskararen Etxeko zuzendaria / Bizkaia Irratia

Bilboko Euskararen Etxeak Urteko Europako Museoen Sarien (EMYA) ekitaldia hartuko dau asteon, bagilaren 10etik 14ra arte. Pasa dan urtean Europako Kontseiluaren Museo Onenaren saria jaso eban Euskararen Etxeak eta, hori dala eta, anfitrioia izango da aurtengo edizinoan. Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendariak Euskararen Etxearen gaineko argibideak emon deuskuz, euskerearen interpretazino zentroaren atala nabarmenduz: “Atal horrek irabazi eban saria. Euskeraren bizindarrari buruzko erakusketea planteatzen dogu”.

Euskararen Etxean personen testigantzak daukez batuta eta euskera mota ezbardinak entzun leitekez: “Euskerea entzun behar da, euskerea asko dagozalako”. Bisitariaren profilari jagokonez, persona oso anitzak hurreratzen dira Euskararen Etxera, baina ikastetxeek daben garrantzia azpimarratu deusku Acasusok.

Esan dogun moduan, EMYA ekitaldia hartuko dabe bihartik aurrera. Horren harira, aukerea aprobetxau gura dabe Bizkaiko museoak ezagutzera emoteko, erakusleiho paregabea dalako EMYA ekitaldia: “EMYA ekitaldia da asteko ardatza, noski. Halanda be, Bizkaiko museoen erakusleihoa izatea gura dogu. Geure lurraldea oso aberatsa da museoetan eta aberastasun hori kanpokoei erakutsi gura deutsegu”.

EMYA 2026 sarietarako izendatutako 17 herrialdetako 34 museok euren lorpenak aurkeztuko dabez Bilbon. Ekitaldiak, besteak beste, etorkizunera begirako estrategiak garatzea dauka helburu, egungo erronkei erantzuteko eta alkarrizketarako eta hezkuntzarako espazioak sortzeko, komunidadeetan eta komunidadeentzat. Sari banaketea zapatu arratsaldean egingo dabe: “Bost sari nagusi dagoz: nagusia eta beste ataletakoak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00