Planik Plan 01x32: astegoieneko planak Bizkaian

Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa

Izaki Gardenak, Gozategi eta Ibilaldia astegoien honetan Bizkaian

Gozategi taldeak kontzertua eskainiko dau Abanto-Zierbenako Las Carreras auzoan / Gozategi

Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Izaki Gardenak eta Gozategi taldeen kontzertuak eta Galdakaon ospatuko dan Ibilaldia nabarmendu doguz.

Barikua

Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, barikuan hasi eta astegoien osoan zehar luzatu egingo da Loiuko Erdi Aroko Azokea. Eguneko ekitaldiei jagokenez, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira egitasmoak. Ordu horretan, adibidez, Bidaia ipuina kontauko dau Amaia Puin ipuin-kontalariak Iurretako liburutegian. Musikari jagokonez, kontzertu ugari izango dira. Batetik, arratsaldeko 20:30etan Izaki Gardenak taldeak kontzertua eskainiko dau Lekeitioko Ikusgarri Aretoan. Bestetik, Gozategik kontzertua emongo dau Las Carrerasko jaietan gaueko 23:30etan.

Zapatua

Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, Urrats Morea ekimena eroango da aurrera Ezkerraldean eta Meatzaldean. Ganera, Euskerazko XXI. Liburu eta Disko Azokea egingo dabe Etxebarrin. Eguerdiko 12:00etan, Berangoko Sabino Arana plazan bertso jaialdia eukiko dabe Amets Arzallus, Sarai Robles eta Imanol Uria bertsolarien eskutik. Kontzertuei jagokenez, arratsaldeko 19:00etan Orozkoko kontzertu gunean, Bizardunak taldeak kontzertua emongo dau beste talde batzuekaz batera.

Domeka

Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Edozelan be, Galdakaon ospatuko dan Ibilaldia nabarmendu beharra dago. Ganera, Muskizko Eguzki Festa be izango da. Eguerdiko 12:00etan, Urdulizko Antsonekoa plazan, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoek ‘Txanpon baten truke’ ikuskizuna antzeztuko dabe. Azkenik, arratsaldeko 19:30etan Bilboko Campos Eliseos antzokian, ‘Vaya pack de vascos’ antzezlana ikusi ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00