Literatur erotikoan aritu osteko bere lehen lana

Liburuaren salmentagaz ataratako dirua SOS Himalaya fundazinoarentzat izango da

“Izarrak eta Haitzak” narrazinoen liburua dakar Karlos Aretxabaletak

Izarrak eta Haitzak liburua / Bizkaia Irratia

Izarrak eta Haitzak liburua kaleratu barri dau Karlos Aretxabaleta, Txapel idazle bizkaitarrak. Literatur erotikoan hainbat urtez aritu ostean, mendizaletasunari ekin deutso bere lan barrian. Idazle eta irakasleak esan deusku, etapa horreri amaierea emon gura izan deutsola eta beste era bateko literaturea eskeini oraingoan.

Mendizaletasuna

Mendizaletasuna da bere pasinoetariko bat. Eskalatzailea be bada idazle izateaz gain. Hori dala eta, Izarrak eta Haitzak lanean mendizale ospetsu eta ez hain ospetsuen ganekoak dakarz. Solasaldiak izan dauz Aretxabaletak Edurne Pasaban, Juanjo San Sebastian, Pou anaiak, Alex Txikon, Alberto Iñurrategi edo Ekaitz Maizegaz. Solasaldi horreetatik narrazino desbardinak ondu dauz idazleak. Pozik azaldu da guztiekaz izandako esperientziagaz. Liburua idatzi ordukoa oso aberasgarria izan dala esan deusku. Juanra Madariagak idatzi dau lanaren hitzaurrea eta Ioritz Gonzalezena da azken hitza.

SOS Himalaya

Sua Edizioak argitaletxeak kaleratu dau Karlos Aretxabaletaren liburua euskeraz eta gaztelaniaz. Entre estrellas y montañas dauka izena gaztelaniazko bertsinoak. Liburu honeen salmentaren bitartez ataratako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emongo deutsoz idazleak. Himalayako umeei laguntzeko fundazinoa da honakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular