Labayru Fundazioak baserrien memoria berreskuratzen segiduten dau, 'Izena eta izana' bildumaren bidez

Bildumaren 7. alea, Derioko baserriei eskainitakoa, kaleratu barri da; zortzigarrena, Lemoizko baserrien ingurukoa, lantzen dabilz

‘Izena eta izana’, baserrien memoria bizirik mantentzeko egitasmoa

'Izena eta izana' bilduma / Labayru Fundazioa

Labayru Fundazioak aurrera darrai euskal ondarea dokumentatzeko eta zabaltzeko lanean, eta oraingoan Izena eta izana bildumako ale barriak aurkeztu dauz. Argitalpen honen helburua Bizkaiko baserrien izenak, historia eta ezaugarriak jasotzea da, ondare immaterial eta kulturala galdu ez daiten. Bildumaren zazpigarren alea, Derioko baserriei eskainitakoa, argitaratu barri da, eta zortzigarrena, Lemoizko baserrien katalogoa, prestatzen dabilz. Proiektuak udalerrien interesa pizten jarraitzen dau.

Akaitze Kamiruaga Labayru Fundazioko zuzendariordeak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, ikerketa lan sakona dago bilduma honen oinarrian. Lehenengo, artxibo historikoak aztertzen dabez, eleiz artxiboak edo foru agiritegiak esaterako. Ondoren, baserriak bisitatu eta argazkiak egiten dabez, eta azkenik, herritarrakaz egindako ahozko alkarrizketen bidez informazinoa osotuten dabe. Holan, dokumentazino idatzia eta ahozko memoria buztartzen dabez.

Kamiruagak azpimarratu dauanez, baserria euskal kulturaren ardatz nagusietako bat izan da historian zehar. Ez da bakarrik bizilekua izan. Lanerako gunea, biltegia, animalientzako aterpea eta belaunaldien arteko tansmisinorako espazioa be izan da. Gaur egun baserrien funtzinoa aldatu bada be, asko etxebizitza modernizatu bihurtuta, euren balio historiko eta kulturala bere horretan mantentzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00