Juan Mari Aburtoren lehentasunak pertsonak, enplegua eta garapena eta auzoak dira. Bilbo pertsonentzako uria dala esan deusku, eta hori berak gogoan eukiten dauela beti. Bizimodua egiteko enplegua behar dala eta makina bat plan eta proiektu martxan ipinten dabilzala. Auzoei dagokienez, ez dirala ahaztu behar eta hobetzen jarraitu behar dala. Auzoetara ostera asko egin ei dau aspaldion EAJren Bilboko alkategaiak. Auzoetan irisgarritasuna ei da arazo nagusia, eta gabezia horri konponbidea emoten ei dabilz. Gaur egun lehen baino igongailu gehiago dago auzoetan eta gehiago ipinteko asmoa dabe.
Segurtasuna
Bilbo uri segurua dala esan deusku Juan Mari Aburtok eta datuetan oinarritu behar dala toki bat segurua dana ala ez esateko. Bilbon delitu egileak atxilotu eta epaileen esku izten dirala. Ganera, Bilbo segurua ez balitz tourra edota turistak ez litzatekezala etorriko. Dana dala, arlo honetan beti dabilzala lanean, neurriak hartzen, eta badagozala martxan ipintekoak.
Turismoa
Bilbon turismoa gaur egun ez da arazoa EAJko alkateagaiarentzat. Momentuz egoerea kontrolpean dagoela esan deusku, eta holan jarraitu dagian beharrean segiduko dabela. Pisu turistikoei dagokienez, kontua udal ordenantza bategaz araututa dagoela azaldu deusku, eta holako etxebizitzak nun eta zelan zabaldu leitekezan ondo zehaztuta dagoela. Legez kanpokorik egon ezkero salatu egin behar dala adierazi dau.
Euskerea
Euskerearen erabilerea sustatu gura dau Aburtok, kalean zein udaletxean. Gero eta jente gehiagok dakiala euskeraz eta uriburuan erabilerea sustatu behar dala esan deusku. Horrez gain, euron asmoa dala udaletxe barruan be euskerearen erabilerea sustatzea.