"Euskadin turismoak BPGren %6 suposatzen dau" esan dau Turismo sailburuordeak

"Tasa barria ostatu motaren eta egonaldiaren arabera ezarri beharko litzateke" esan dau EJko Turismo sailburuordeak

Jakes Agirrezabal: “Etxebizitza turistikoen igoereak kezka sortu dau”

Jakes Agirrezabal Iribar (Eusko Jaularitzako Turismo sailburuordea) / Bizkaia Irratia

Euskadin turismoak Barne Produktu Gordinari egiten deutson ekarpena %6 ingurukoa da. Turisten eta bizilagunen artean, toki zehatz batzutan eta urteko sasoi batzutan sortu daiteken alkarbizitza arazoari aurre egitea litzateke Jaurlaritzaren helburuetako bat. Etxebizitza turistikoen arloan izan dan igoereak kezka sortu dauela argi dago Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordearen Jakes Agirrezabalen esanetan. “Bilboko udalak hartutako erabagia beste udalerri batzuek hartutako erabagien jarraipena da. Nahiz eta gai hau araututa egon etxebizitza turistikoen kopurua asko hazi da eta ulergarria da udalek hartutako erabagia” esan dau politikari zarauztarrak gaur Goizeko Izarretan saioan.

Orain dala urte batzuk tasa turistikoa sortu ala ez zan eztabaidea. “Gaur egun tasa turistikoak zenbatekoa izan behar dan eztabaidatzen gabilz. Kopurua baino garrantzitsuagoa da esatea tasa barria ostatu motaren edo egonaldiaren araberakoa izan beharko litzatekela, politika horreek bultzatu nahi doguz” esan dau Agirrezabalek. Tasa turistikoak turismoa uxatuko ez dauela esan dau sailburuordeak.

Jaurlaritzaren eretxian Euskadiko turismo enpresak trasformazino prozesu baten murgilduta dagoz. “Enpresen beharrizanak kode etikoakaz eta jasangarritasunagaz lotuta dagoz” esan dau Agirrezabalek. Jaurlaritzako 2025eko aurrekontuetatik 21 milioi euro turismoaren arloari esleitu jakoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00