
Janire Atxurra Lekanda bere idazlanen promozinoa egiteko hasi zan TikTok erabilten eta arrakasta itzela lortu dau. Beti izan dau gustuko irakurtea eta idaztea, eta nerabezaroan testu batzuk idatzi zituan gaztelaniaz. Handik urte batzuetara testuak berreskuratu zituan, eta berridatzi eta gero, Watpden argitaratzea erabagi eban. Sei-zazpi testu daukaz Watpad-en gaur egun eta arrakasta handia euki dabe, iruzkin positiboak jaso ditu. Orain beste pausu bat emongo dau eta liburu fisikoa argitaratuko dau laster, Lo que no se ve izenburukoa, hile pare bat barru hain zuzen be. Lan horrek bere bizitzatik asko eukiko dau. Hori baino lehenago literatura kuadernoa argitaratuko dau, euskeraz, edonork irakurritako liburuen gaineko informazinoa eta iruzkinak bertan idazteko. Gaztelaniaz holako kuaderno asko dago, euskeraz ez, eta horrexegaitik erabagi dau euskeraz aukera hori emotea.
Umorea eta naturaltasuna
Umorea eta naturaltasuna dira Janire Atxurraren ezaugarri nagusi biak orokorrean, baita TikToken be. Bere idazlanen promozinoa egiteko zabaldu eban TikTok kontua Janire Atxurrak. Hasieran gaztelaniaz egiten eban, baina euskeraz bideoren bat atara ebanean, konturatu zan euskerazko edukinak erantzun oso ona eukala. Harrezkero euskeraz sortzen ditu gizarte sare horretarako bideoak. Batetik, euskerazko liburuen iruzkin bereziak, batez be, berarengan eragindako sentsazino eta emozinoetatik abiatuta; bestetik, bere bizitzako gorabeherak. Orain gitxi berak eukan alopezia arazoaren barri zabaldu eban TikTok-eko bere kontuan eta harrera oso ona euki eban. Jente askok eskertu ei eutsan kontu horretaz naturaltasunez eta umorez berba egitea.
Haterren batzuk be euki badaukaz, gizarte sareetan beti egoten diran moduan, baina normalean behintzat eretxi positiboak jasoten ditu eta euskeraz egitea asko eskertzen deutse. Egon be euskeraz ez dago edukin larregi sareetan, nahiz eta Janirek berak esan deuskun berak jasoten dauela euskerazko edukina.
Orain lau hilabete hasi eban bere TikTokeko ibilbidea eta dagoeneko 6.000 jarraitzaile inguru daukaz, era guztietakoak. Batez be zuzenekoak egiten dituanean gehitzen jako jentea, adin eta leku askotakoak. Kontu bi daukaz TikToken: @janireatxu eta @janiatxuleka