Euskadiko udalerriek amiantoaren errolda bat egiteko derrigortasuna dabe

Espainiako Gobernuari ia bi urteren ostean kalteordainen legea ez betetea leporatzen deutso Fedavica alkarteak

Jon Garcia: “Astero amiantoak eragindako hildakoren bat dago”

Jon Garcia (Fedavica alkartea) / Bizkaia Irratia

Urtero 4 mila pertsona hilten dira amiantoagatik eta hildakoen %90ak ez daki amiantoagatik dala.
Beharginen batek amiantoagaz harremana daukan unean ez da gaixotzen, gaixotasuna handik 20-25 urtera heltzen jako. Hori dala eta gaixo askok horren barri jubilauta dagozanean eukiten dabe. Amiantoak minbizi mota desbardinak eragiten dauz, horreen artean larriena biriketako minbizia.

Espainiako Kongresuak orain dala ia bi urte amiantoakaitiko biktimei kalteordainak bideratzeko eskatu eutsan Espainiako Gobernuari. Biktimei konpentsazinoak emoteko onartu zan arautegia garandu barik dagoala leporatu deutse Elma Saiz ministreari. “Astero hildakoak dagoz, samina handia da biktimen artean”  esan deusku Jon Garciak Fedavica alkartetik, amiantoaren biktimen alkartetik. “Gobernukoei entzuten deutsegu legea bete behar dala eta eurak dira legea beteten ez dabilzanak” salatu dau Garciak.

Euskadiko udalerriek amiantoaren errolda aurkeztu behar deutse Eusko Jaurlaritzari. Gitxik aurkeztu dabe errolda hori. Bizkaian, Errigoitik bakarrik. “Amiantoa leku guztietan dago, eta errolda egitea garrantzitsua da” esan dau Jon Garciak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00