
Zapatuan, zezeilaren 8an emongo deutse Bereizgarri Gorria Mungiako Joseba Larruzea udaltzaingoari. Zezeilaren 11n, 112 larrialdietarako zenbakiaren Europako eguna ospatuko da. Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ospakizun publikoa egingo dau etzi, zapatuan. Ekitaldi horretan, Joseba Larruzea Motxobek, Mungiako udaltzainak Bereizgarri Gorria jasoko dau. Sari honek pertsonak edo ondasunak arriskuan jartzen dauazan egoera baten aurrean, entrega, balioa edo gizarte-alkartasuna agerian izten dabezan ez-ohiko ekintzak edo jarduerak aitortzen dauz. Joseba Larruzeak igaz, Huescako Pirineoetan egoala, 50 metroko paretan behera jauzi zan mendizale baten bizia salbau eban. Larruzea, pozik eta harro dago saria jasotzeaz. Zelango gertaerea izan zan gogoratu dau Mungiako udaltzainak. Bera, arrebeagaz joian eta bidea nondik zan galdetu eutsen ondoren jausi zan gizonak. Birritan pentsau barik, Josebak arrebeari esan eutson abisua emoteko eta lehenengo momentutik esan eutson udaltzaina zala eta lagunduko eutsala. Jausitako gizona helikopteroz eroan behar izan eben handik ospitalera.
Zer egin holangoetan
Josebak hartuemonetan jarraitzen dau jausitako gizonagaz. Biak alkarregaz mendira joatea be badabilz pentsetan. Mungiako udaltzainak holango egoera baten aurrean egin beharrekoa gogoratu deusku; abisua emotea litzateke lehenengo pausua, ostean, larrialdi egoeran dagoan pertsonea lasaitzen ahalegintzea. Ahal dala, asko ikutu barik laguntzea litzateke kontua.