Doctor Deseo talde bilbotarrak 18. diskoari En el brillo de tus ojitos (Baga Biga) izenburua jarri deutso. Sei kantuz osotutako diskoan, taldearen betiko kutsua presente dago baina barritasunak be badakarz. Barritasunen artean, dantza proposatzen dabezan trap erritmoakaz batera pasarte elektronikoak aurkituko doguz, tex-mex ikutuak eta pop-rock gitarreroa. Doctor Deseoren abestiek beti daukie entzulea harritzeko osogai kimikoa. Urteak pasau arren, kantuek indarra mantendu egiten dabe. En el brillo de tus ojitos diskoko kantuek gordeta daukie berezitasun hori be bai.
Josi Jimenez taldeko baxujoleak azaldu dauanez, disko barriak bersino bi dakarz. Bata, Leonard Cohenen Suzzane abestia, Y quieres viajar con ella (Susan) izenekoa eta bestea, Roberta Flack-en Killing me softly with his song kantuaren moldaketea, Suavemente me mata con su canción. Aiora Renteriak kantetan dau abesti bi honeetan. Diskoko gainerako kantuak, Francis Diezenak dira.
Kontzertuak
Doctor Deseok apirilaren 20an ekingo deutso En el brillo de tus ojitos bireari Jimmy Jazz aretoan (Gasteiz). Bira horretan disko barriko abestiak entzungo dira, baina taldearen kanturik kutun eta gustokoenak be bai. Bizitasuna, emozinoa, dibertsinoa eta harridura izango dira kontzertuen ardatzak. Doctor Deseoren abesti onenek arima, bihotza eta beste erraiak kolpatuko deutsez taldearen zaleei.
Datak:
- Apirilaren 20an, Jimmy Jazz aretoan (Gasteiz) – sarrerak agortuta
- Apirilaren 27an, Totem aretoan (Atarrabia, Nafarroa)
- Maiatzaren 4an, Fundicion aretoan (Logroño)
- Maiatzaren 10ean eta 11n, Intxaurrondoko Kultur Etxean (Donostia) – sarrerak agortuta maiatzaren 11rako
- Maiatzaren 18an, Santana 27 aretoan (Bilbo)