Gure Eskuk 18 kidek osatutako zuzendaritza talde barria aurkeztu dau

"Berton erabagiteak abantaila asko ekarri leikez" aitatu dau Gure Eskuko bozeroaleak

Josu Etxaburu: “Euskal Herri barri baten norberak irabaziko dauena irudikatu behar dogu”

Josu Etxaburu (Gure Esku) / Bizkaia Irratia

Gure Eskuk helburu eta estrategia barriak eukiko dauz 2024an. Erabagitze eskubideari buruz pedagogia egiteko borondatea daukala dino Gure Eskuko zuzendaritza talde barrituak. Gasteizen hileon urteko batzar nagusia egin dabe eta 18 kidek osatzen dabe zuzendaritza taldea.

“Erabagite eskubideari buruzko pedagogia egiten jarraituko dogu. Hauteskunde garaiak datoz eta horretan eragin nahiko genduke. Erabagiteko eskubideak eremu zabal bat dauka, berton erabakiteak abantaila asko emon leikez eta euskal herritarren gehiengo bat ados dago horregaz” zehaztu deusku Josu Etxaburuk (Gure Esku) Goizeko Izarretan saioan.

Euskal nazinoa

PSOEk eta EAJk euskal nazinoaren autortza batzen dauen hitzarmena lortu dabe. “Esatetik egitera pasau behar da” esan dau Etxaburuk. “Irudikatu daigun Euskal Herriaren burujaubetza prozesua” gaineratu dau. 2024an zehar subiranotasuna erdigunean jarrita kontsentsuak lortu gura dauz Gure Eskuk. Euskal Herriko bazter desbardinetan egindako burujaubetza prozesu desbardinakaz mintegi bat eratu gura dabe praktika onak partekatzeko.

Independentzia eta erreferenduma

Azken Deustobarometroan esaten da independentziaren aldekoak gaur egun biztanleriaren %13 dirala, azken 8 urteetako daturik txikiena litzateke. “Datuak egoera baten argazkia dira eta guk bideoaren irudia nahiago dogu. Etorkizun bat irudikatu behar dogu, antolatu nahi dogun Euskal Herri horretan norberak zer irabaziko dauen irudikatuta” zehaztu dau Etxaburuk.

Pedro Sanchez eta Kataluniako alderdi subiranistak, aldebiko batzarretan, lurraldetasunari buruz berba egiten hasi dira. “Erreferendum bat gauzatzeko modu bakarra entzutea da. Orain ukazioa baino ez gabilz entzuten, baina alkar entzutea lehenengo urratsa da eta horrek ekarriko dau diskurtso aldaketa bat” aitatu dau Gure Eskuko bozeroaleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular