Nazino gisa jauzi bat, etorkizunez beteriko jauzi bat. Horixe irudikatuko dau Gure Eskuk urriaren 25ean, Zazpi jauziz, herri bat ekimenaren bitartez. Egun horretan, 12:00etan, Zazpi Jauzien dantza egingo da, aldi berean, Euskal Herriko zazpi uriburuetan: Maulen, Donibane Garazin, Baionan, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon. Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeroaleak ideia zelan jaio zan azaldu deusku: “Nazino gisa jauzi bat emoteko beharra dago. Dantzan oinarritutako ekimen bat plazaratu gura genduan eta Zazpi Jauzien dantza ondo jatorku, zazpi lurraldez osotutako nazinoa garelako eta zazpi uriburu eder daukaguzalako”. Bilbon, Arriaga plazan egingo dabe dantza.
Bitartean, Espainiako hauteskunde orokorrak deituta dagoz. Gobernuak eskumara egiten badau, gauzak konplikau daitekez: “Dana dala, fokua geurean jarri behar dogu. Etxean daukaguzan erronkak ondo erantzun behar dira”. Horren harira, Euskal Autonomia Erkidegoan Estatutu Barriaren ganeko eztabaidea Legebiltzarrean dago. Momentuz ez dago barri gehiegirik: “Errespetu osoz jokatzen gabilz. Argi daukagu herri honek estatus barria behar dauala“.
Bestalde, Katalunian emoten dau Amnistia Legea ezarriz doala. Etxaburuk hausnarketea burutu dau: “Demokrazian egin ebena ezin da inoiz delitu izan. Horrek bere bukaerea izan behar eban, dinodanez, bozkatzea ez dalako delitu“. Amaitzeko, ikasturtearen nondik norakoak be komentau doguz Gure Eskuko bozeroaleagaz: “III. Konferentzia Subiranista azpimarratu gurako neuke, udabarri partean egingo doguna. Fundazino ezbardinen eskutik antolatu gura dogu, alkarregaz hausnartzeko”.
