Amaineman diskoa kaleratu dau Josune Arakistainek. Huntza taldetik datorren musikariak bere bakarkako lehenengo lana ondu dau. Diskoa 11 abestik osotuten dabe, eta horreetatik hiru aurrerapen lez emon dauz ezagutzera musikariak diskoa kaleratu aurretik: Lau korapilo, Sunday eta Txitxarro.
Hasierek emoten daben askatasunagaz zein beldurragaz sortu dauz abestiak. Amaierez eta etapa aldaketei buruz kantetan dau Josune Arakistainek Amaineman diskoan. Bere mundu biak batu dauz: trikitixa eta elektronikea. Arakistainek azaldu deuskunez, “ni Itziarkoa naz eta bertan trikitixea oso presente egon da, baina Itziarren badago Txitxarro eraikina, oso-oso ezaguna dana, eta Itziarko gazteek badaukagu herentzia hori, garai bateko ‘bakalao’ eta teknoa jaso dogu. Niretzat oso-oso naturala izan da nahastea biak, trikitixea eta teknoa”.
Amaineman lana 2022 eta 2024. urteen artean sortu da Madril eta Euskal Herria bitartean. Jimbo Páezen gidaritzapean ekoiztu, eta Haritz Harreguy Studio eta Estudio A Sonido-n grabau da. Nahasketak, barriz, Haritz Harreguy Studio-n egin dira eta masterizazinoa Ultramarinos-en Victor Garcíaren eskutik.