Bilboko Aste Nagusiko lehen egunak igarota, Juan Mari Aburto alkateak orain arteko balorazino positiboa egin dau. Jente asko batu arren, ez da gertakari larririk izan, eta lapurreta txikerren kopurua igaz sasoi berean baino txikiagoa da oraingoz. Sexu-askatasunaren aurkako erasoei jagokenez, lehen gauean bi ikutze salatu ziran, baina ordutik ez da beste kasurik izan.
Jaietako segurtasun dispositiboaren barruan, Udaltzaingoa eta Ertzaintza alkarlanean dabilz jai-eremuan zein uri osoan. Elikagaien legez kanpoko salmentearen kontrako kontrolak be indartu dabez: gau baten 90 kilo produktu atzemon ebezan eta hurrengoan beste 55 kilo. Aburtok produktu horreek ez erosteko eskatu dau, euren jatorria eta kontserbazino baldintzak ez diralako ezagutzen eta osasunerako arriskua egon leitekeelako.
Manteroen salmenteak be eztabaidea sortu dau jaietan. Aburtok onartu dau manteroak salmenta-katearen alderik makalena dirala, baina jarduerea legez kanpokoa dala eta Udalak ezin dauela onartu azpimarratu dau. Aldi berean, produktuak nondik datozen eta salmentearen atzean zer sare dagoan argitzeko ikerketa martxan dagoala azaldu dau. Udalaren jarrerea Bilboko merkataritza eta araudia beteten daben saltokiak babesteko beharragaz be lotu dau.
Aste Nagusiaren bigarren zatira begira, soinu teknikarien grebeak hainbat ekitalditan eragina izan leike, eta Udalak garbiketa zerbitzu bereziagaz be jarraituko dau. Aburtok herritarren erantzukizuna eskatu dau, Bilboren erronkea gero eta gehiago garbitzea baino, gero eta gitxiago zikintzea dala nabarmenduta. Jaietako azken egunetarako, errespetua eskatu dau Aste Nagusia normaltasunez amaitu ahal izateko.
