Bizkaiko traineruak ez dagoz faboritoen artean baina, itsasoa lagun, ezustekoa emoten ahaleginduko dira

Hogeta bat traineru lehiatuko dira arratsaldeko 18.00etatik aurrera emakumezkoen sailkatze estropadan, zazpi postu eskuratzeko

Kaiku, Ondarroa, Deusto eta Isuntza lehian gaur Kontxan

Ondarroako traineruko neskak aurten jokatutako estropada baten / Bizkaia Irratia

Kontxako Banderarako sailkatze estropadetako lehenengoa jokatuko da Donostiako badian gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera. Emakumezkoen mailako proba banakako erlojupeko modalidadean jokatuko da eta parte hartuko daben 21 traineruek luze bi eta ziaboga bat osotu beharko dabez jokoan dagozan zazpi postuetako bat eskuratzeko lehian. Kontxako Banderan lehiatzeko hautagaiak bi taldetan banatu dabez antolatzaileek. Astillero, Chapela, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Tiran, San Juan, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia taldeek osotzen dabe A moltsoa eta Mecos, Rianxo, Cabo da Cruz, Cesantes, Castropol, Deusto, Hernani, Kaiku, Lekittarra eta Ondarroa taldeek B moltsoa osotuko dabe. Urteera ordena, bai taldeena bai traineruena be, eguazten goizean Donostiako udaletxean egingo dan zozketan zehaztuko da.

Kontxako sailkapen-proba da kirolarien, teknikarien eta klubetako arduradunen artean kezka gehien sortzen dauena. Bildurraren estropada lez ezagutzen da. Izan be, denporaldiko banderarik garrantzitsuenetik kanpo geratzeko aukerak benetako ikarea sortzen dau. Zazpi bakarrik sartuko dira Arraun Lagunakekin lehiatzeko iraileko lehen bi igandeetan, eta gainerako hamalauek zezenak hesitik ikusteagaz konformau beharko dabe.

Klimatologiak paper garrantzitsua dauka, erabagigarria batzuetan, traineru-estropada guztietan. Garrantzi hori areagotu egiten da Kontxako banderan, traineruek itsaso zabalean egiten dabelako estropadaren zati handi bat. Eguaztenerako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro eta erdi baino gehiagoko altuera izango dau. Egunaren lehen zatian haizeak hegoaldetik joko dau eta tenperatura altuak eragingo dauz. Arratsaldean, lehenik iparraldera eta gero ipar-mendebaldera egingo dau, 12 korapilorainoko boladekin. Itsas baldintza horreek ezustekoak sortzeko aukera biderkatzen dabe. Igaz, urrun joan barik, Orio, Euskotren Ligako talde klasikoetako bat, Kontxatik kanpo geratzeko zorian egon zan.

Eguenean gizonezkoen probea

Itsasoaren egoerak txarrera egingo dau eguenean 18:00etatik aurrera jokatuko dan gizonezkoen mailako sailkatze estropadan. Aurreikuspenen arabera, ipar-mendebaldeko haize bizia eta gogorra ibiliko da, eta metro bi inguruko hondoko itsasoa. Denporaldi honetan traineruek hain baldintza txarrei aurre egin beharko deutsien lehen aldia da, itsaso barea nagusi izan dan ikasturte baten ondoren.

21 ontzi lehiatuko dira gizonezkoen sailkatze-proban. Bermeo, Ares, Cabo, Getaria, Kaiku, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Hondarribia, San Juan eta Zierbena ariko dira A moltsoan, eta Arkote, Chapela, Hibaika, Lapurdi, Meira, San Pedro, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zumaia. Aukera ona Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben, Chapela eta Tiranen Galiziako bi ontzien mailearen barri eukiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00