Hiru kontzertu eskainiko dabez, urriaren 6, 7 eta 8an

Aguamadera, Allegria, Berçaits Anaiak, Hutsun eta Xabi Aburruzaga konbidau dabez

Kalakanen kontzertu bereziak aurten be Sarako kobetan

Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau / Bizkaia Irratia

Kalakan taldea Sarako kobazuloetara itzuliko da urriaren 6an, 7an eta 8an artista konbidatuakaz. Hau ez da euskal taldeak Sarako lezeetan eskaintzen dauan lehenengo jaialdia. Izan be, zazpigarren urtea da formatu beragaz: hiru eguneko jaialdia, Kalakan ardatz nagusitzat hartuta, eta alboan hainbat artista eta lagun oholtza ganean. Hori guztia, ingurune parebako baten. Lehenengo edizinoa 2015ean egin zan eta aurtengoan bost artista edo talde igoko dira eszenatokira.

Xan Errotabehere taldekideak azaldu deuskunez, urriaren 6an Hego Amerikako folk musikea izango da protagonista, Aguamadera talde argentinarraren eskutik. Bigarren egunean, zapatuan, Bigorreko Allegria eta Berçaits Anaiak igoko dira oholtzara. Eta jaialdia amaitzeko, domekan, Hutsun talde nafarra eta Xabi Aburruzaga trikitilariaren txandea izango da. Folk musikea, polifonia tradizionalak, txalapartea, trikitixea eta a capella kantua. Hiru ikuskizun diferente, baina lotura komun bat izango dabenak. Danak be gune oso berezi eta magiko baten eskainiko dira, Sarako kobetan.

Agumadera

Frantzian bizi dan talde argentinarra da eta Hego Amerikako estiloetan inspirautako abesti propioak konposatzen dauz. Bere musikak konponketa sotil eta dotoreak daukaz ezaugarri, baita letra poetiko eta hunkigarriak be, abots harmonizatuak gitarra klasikoagaz, lau venezuelarragaz, baxuagaz eta perkusinoagaz nahastuz. Estilo oso pertsonalagaz, Aguamadera taldeak giro musikal bat sortzen dau, musika folklorikoaren aberastasuna eta aniztasuna gogora ekartzen dauana.

Allegria

Lourdesetik (Pirinio Garaiak) hur dagozan herrietakoak dira jatorriz, eta Allegriako abeslariek Bigorren herri-kantuaren tradizinoa transmitiduten dabe. Bere errepertorioak Bigorre eta Biarnoko mendietako polifonia tradizionalak berrartzen dauz gaskoi, frantses eta latinez, bai kantu sakratuak bai artzainen aieneak. Bere kantuak, batez be 4 abotsetara, bere mendien arima eta izaerea transmitiduten dauz.

Berçaits Anaiak

Berçaits Anaiak Lohitzunetik datoz, Xiberua eta Baxenafarroa artean dagoan herri txiki batetik. Txikitatik abesten dabe plazer eta grinagatik. Bere errepertorioa, batez be, a capella euskal kantu tradizionalak osotuten dau eta kantu zahar batzuk berreskuratzen ahalegintzen dira.

Hutsun

Hutsun taldea Mikel Urrutiak eta Anai Gambra Urizek sortu eben Iruñan 2011n. Ordutik 500 emonaldi baino gehiago egin dabez, txalapartea herri eta plazetara eroanda. Hiru ikuskizun ekoiztu dabez, Hamaika herrialde hizkuntza bat dokumentala eta disko bi (Baratzean, 2018 eta Artze, 2022). Txalaparta masterclassetan, topaketetan edota ikastaroetan be parte hartu dabe.

Xabi Aburruzaga

Xabi Aburruzaga 20 urte baino gehiagoko ibilbide oparoa daukan trikitilari bizkaitarra da. Trikitia ardatz hartuta, hainbat moldaketa eta instrumentazino koloretsu egin dauz, euskal folka mundura begira jarriz. 7 urte besterik ez ebazala hasi zan solfeoa ikasten eta urte hauetan guztietan sari ugari irabazi dauz bere instrumentua joz. 6 disko argitaratu dauz.

Kalakan Lezeetan 2023ko emonaldi guztiak 21:00etan hasiko dira Sarako kobazuloetan. Sarrerak www.kalakan.eus webgunean edo Iparraldeko turismo bulegoetan erosi daitekez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular