Neiker zentro teknologioa kaparren banaketea eta ziztaden arriskuak ikertzen dabil. Maiatzean hasi zan ikerketea eta hiru urtez luzatuko da. Pyrtick izeneko proiektu europarraren barruan sartzen da ikerketea. Pirineoetako kaparrak zaintzeko mugaz gaindiko lehen sarea bultzatzen da era honetara. Pyrtick proiektuan Zaragozako unibertsidadea eta Frantziako ikerketa zentroak dabiz alkarlanean. Neiker zentro teknologikoko Jesse Barandika ikertzaileagaz egin dogu berba Lau Haizetara irratsaioan. Esan deuskunez, Euskal Herrian 19 kapar espezie dagoz. Honeetatik batek dauka eragin gehien, Borrelia Burgdorferi bakterioak eragindako Lyme-ren gaixotasuna transmititzeko arriskua ekarri leikie kaparrek.
Patogenoen eroaleak dira kaparrak. Zenbat eta denbora gehiago egon azalera itsatsita arriskua areagotu egiten da. Azkenaldian, kaparren kopuruak gorantz egin dauala entzun da. Dana dala, zientifikoki ezin daiteke oraindino holakorik baieztatu. Neiker zentruko ikertzaileak Euskadiko eremu desbardinetan dabiz azterketak egiten. Bizkaian, Urkiola eta Oiz inguruetan dabiz. Toalla baten laguntzeagaz batzen dabez kaparrak.
Gomendioak
Neikerrek gomendioak emon dauz kaparren ziztadak saihesteko: arropa babesleak eroatea aholkatzen dabe, uxagarriak erabiltzea… basoan ibili ostean gorputza aztertzea aholkatzen dabe eta kaparrik izan ezkero, pinzakaz ataratzea. Gel edo oliorik ez erabiltzeko dinoe, eta zalantzarik izan ezkero osasun zentrora joateko.