Irantzu Uriartek Getxoko Folk jaialdia aurkeztu deusku

Jaialdiaren 39.edizinoa irailaren 13tik 17ra bitartean egingo da

Kepa Junkeraren omenezko kontzertua Getxoko Folk jaialdian: Mago de Oz, La Pegatina…

Kepa Junkeraren omenaldiaren kartela / Getxoko Udala

Kepa Junkeraren omenezko kontzertua, Hevia musikari asturiarra, eta La Pegatina eta Mago de Oz bandak izango dira protagonistak Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdian, irailaren 13tik 17ra, Getxoko Udalak jakinarazi dauanez.

Guztira, 15 saio izango dira Getxo Folk jaialdian. Azken edizinoetan bezala, Muxikebarri izango da ordaindu beharreko kontzertuen eszenatokia (20:00), eta horiei doako sarrerea “eskaintza bikaina” gehitu behar jake. Hala, bada, jaialdia Areetara itzuliko da, Areetako Geltokia plaza barrituan egingo dan aire zabaleko programazinoarekin. Bertan, askotariko taldeek eta artistek joko dabe ordutegi desberdinetan (13:00, 17:00, 18:00 eta 21:00), musika familia, belaunaldi anitzeko publikoa eta gazteei hurbiltzeko helburuarekin. Bertan, gainera, dantzea eta bertsolaritzea buztartzen dauazan ikuskizun bat be egingo da, baita familiari eskainitako musika instalazinoa be.

Horrez gain, Ereaga hondartzako aparkalekuan (22:00) egingo diran emonaldi biak be doakoak izango dira, estaduko musika eszenako bi talde “ezagunen” eskutik: Mago de Oz eta La Pegatina. Abuztuaren 15ean, folk-metal talde madrildar beteranoak sail hau estreinatuko dau. Hurrengo egunean, hilak 16, zapatuan, La Pegatinaren txanda izango da. Jai mestizajeko talde “ezagunenetako” bat da konbo katalana, eta runba eta ska nahasten dauzan musikaz “gozatuko” dau publikoak.

Bestalde, ordaindu beharreko kontzertuetan, hitzordu bi daukie soinu tradizionalak maite dabezan zaleek. Lehenengoak, inaugurazino egunean, irailaren 13an, nazinoartean “ospe handia” lortu dauan euskal musikarietako bat omenduko dau: Kepa Junkera.

‘HAUsPOZ’ izeneko kontzertuan, Oreka TX, Ibon Koteron, Kukai Dantza, La Cobla de San Jordi, Uxia, Budiño, Pandereteras del Barrio, Xabi Aburruzaga, Agurtzane eta Ion Elustondo eta Maixa Lizarribar moduko artista eta taldeak batuko dira Muxikebarriko agertokian, artista bilbotarraren musikea ospatzea helburu daukan ikuskizun baten. Bertan Kepa JunkeraGetxo Folkarekin daukan harreman estua be nabarmenduko da, izan be, bere proiektu ospetsuenetako asko jaialdian abiatu ziran.

Irailaren 15ean, barikuan, aurtengo jaialdiko beste saio nagusietako bat izango da Heviaren eskutik. Nazinoartean ezaguna dan artista asturiar eta gaitaren maisua danak, oraingo honetan, ‘Al son del indianu’ bere azken lanaren kantuak ekarriko dauz Getxora.

Gaur Lau Haizetara Irantzu Uriarte, Getxoko Kultur Etxeko presidentea etorri da jaialdiaz berba egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00