Proiektuak oraingoan kirolean eta aisialdian jarri dau arreta

Elhuyarrek 'Zurrunbiloa' proiektua jarri eban martxan orain urte eta erdi, gazteen osasun mentalaren garrantzia nabarmentzeko

Kirolaren alde onak eta itzalak gazteen osasun mentalean

Gazteen osasun mentala erdigunean jartzea helburu dauka Elhuyarren Zurrunbiloa proiektuak. Orain urte eta erdi jarri eben martxan, gazteen osasun mentalaren arazoari ikuspegi barritzaile batetik heltzeko. Lehenengo fasean, adituakaz eta testigantzak emoten dabezan lau gaztegaz, bost ikus-entzunezkoen serie bat osotu zan, besteak beste. Orain kirolaren esparruan azterketea egin dabe Elgoibarren. Eta, hirugarren fasean, hausnarketa-prozesu bat zabalduko dabe gazteakaz lan egiten daben eragileakaz, bide-orri bat adosteko.

Garazi Andonegi Zurrunbiloa proiektuko arduradunak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, nerabeakaz orain egin daben azterketan, DBHko ikasleakaz egindako lanketa saioak eta galdetegiak erabili dabez gazteen bizipenak jasotzeko. Elgoibarko 500 nerabe baino gehiagok hartu dabe parte, eta hainbat psikologo, kirol-entrenatzaile, kirol-ikertzaile eta antropologoren laguntzea be izan dabe. Gazteen osasun mentala ezin dala ikuspegi indibidualetik bakarrik ulertu azpimarratu deusku Andonegik; izan be, gazte askok bizi dabezan zailtasunen atzean presino sozial eta kulturalak dagoz, eta beraz, erantzuna be kolektiboa izan behar dau.

Azterketatik ondorioztatu da kirola egiten daben gazteek osasunaren markatzaile hobeak daukiezala. Ez hori bakarrik. Nerabeen talde-pertenentziaren sentipena indartzeko gaitasuna be badauka kirolak, eta bi horreek funtsezko aldagaiak dira osasun mentalerako. Nerabeen %85entzat, kirol-taldekideak dira sare sozial sendoena. Halanda be, bestelako dinamikak be identifikau dabez azterketan. Besteak beste, “minaren erromantizazinoa” edota “zaurgarritasuna barregarri iztea”. Kirolaren inguruan normalizatuta dagozan hainbat jokabide biolentzia mota lez identifikatzeko zailtasunak dagozala azaldu deusku Andonegik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00