
Iraunkortasunean erreferentea izatea eta ingurumenarekiko errespetuagaz daukan konpromisoa berretsi gurean, Muruetako Udalak klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko Plan Integradua (2024-2044) egin dau. Urriaren 15ean aurkeztu eben herritarren aurrean. Plan horretan emisinoak arintzeko, transizino energetikorako eta klima-egokitzapenerako jarduera zehatzak zehaztuta azaltzen dira. Plana 20 urterako planteatzen da, eta epe horretan hainbat ekintza garatuko dira udalerriaren hainbat arlotan.
Julen Karrion Muruetako alkateak azaldu dauanez, hainbat urte daroez eraginkortasun energetikoaren arloan ekintza desbardinak egiten —”gauza puntualak”—. Plan honen bitartez, oraingo eta etorkizuneko oinarriak eta konpromisoak finkatzen dabez. Ingurumen ibilbide-orri bat da, egungo egoerea aztertuz eta epe-labur, ertain zein luzerako helburuak planteatuz. Izan be, 20 urterako plana da eta denbora tarte horretan hainbat ekintza garatuko dira Muruetan. Ekintza konkretuei jagokenez, Karrionek argiteria publiko zaharrak eredu jasangarrien sistema barriakaz aldatzea, kotxe elektrikoak kargetako puntu bat jartzea edota komunidade energetikoen proiektuak bultzatzea aitatu dauz.
Muruetako Udalak, plan horren barruan eta hainbat protokolo jarraituz, helburu batzuk zehazten dauz energia-politikagaz bat egiteko: 2044. urterako udalerriaren CO2 emisinoak %60 murriztea, energia-kontsumo primarioa %40 murriztea eta energia barriztagarrien ekarpena udalerriko azken kontsumoaren %40 izatera iristea. Muruetako alkateak uste dau helburu horreek errealistak dirala, herritarren konpromisoari eta egokitutako azpiegitura jasangarriei esker.