
Rich Peppiattek zuzendutako filmak Irlandako rap taldearen benetako istorioa kontaten dau. Kneecap, ala zelan berbiztu ahaztutako hizkuntza bat. Lehen, Ipar Irlandako gatazkari buruzko pelikulak dramatikoak ziran: En el Nombre del Padre, Domingo Sangriento ala Belfast. Baina Kneecap hori dana kontatera dator modu frenetiko eta moderno baten. Izan be, musikariak aktore bihurtu dira euren ibilbidea zelakoa izan dan erakusteko. Sari asko jaso dauz pelikulak: BAFTA, IFTA eta Sundance jaialdiko ikuslearen saria, besteak beste. Filmin plataforman daukazue ikusgai.
Belfasteko gazte biren istorioa aurkezten deusku: Liam Óg eta Naoise Ó Cairealláin. Musika irakasle baten laguntzagaz (JJ) rap kantak irlanderaz egiten hasiko dira, Irlandako fenomeno barria bihurtu arte. Testuingurua azaltzea garrantzitsua da. Kneecap 2018an sortu zan hip-hop/rap talde bat da, eta kantetan drogei egindako erreferentzia asko daukiez. Lehen esan dodan moduan, gazteen artean ospe handia irabazten joan dira. Hori bai, 2018an, taldea jaio zanean, Sinn Féin alderdi ezkertiarrak euren hizkuntza erreforma aurkeztu eban. Baina gatazka honen beste aldean, Kneecap egoan. Drogei buruz kantetan eta eperdia erakusten berba bigaz: ‘ingelesak kanpora’. Horreri gehitu behar deutsaguz kazetari ingelesen titularrak, esaten, hau dala irlanderaren errealidadea. Beraz, hizkuntzaren defendatzaileentzat, Kneecap taldea ez zan erreferente egoki bat. Eta irlandera lagundu baino, kaltetzen ebala esaten hasi ziran. Bien bitartean, irlandera inoiz baino biziago egoan kalean. Sarrera danak agortuta eta gazteak irlanderaz kantetan. Izan be, irakasleek ‘Kneecap efektua’ igerten dabela esan dabe. Hau da, gorakada nabarmena egon da klaseetan, gazteen ikasteko gogoa piztu dabe eta.
Hizkuntzaren gatazka da pelikulak planteatzen deuskun gatazkarik garrantzitsuena, baina, bestelako burrukak ahaztu barik. Adibidez, katoliko eta protestanteen arteko gatazka ala poliziaren gehiegikeria. Baina hori dana alde batera itxita, gazteek euren herrialdearen alde egin nahi dabe, euren ama-hizkuntza arma lez erabilita.
Taldearentzat, irlandera ez da bakarrik erresistentziarako tresna bat. Euren kultura, historia eta nortasuna mantentzeko tresna be bai. Eta irlandera bizirik ikusi nahi dabe.