Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, eta Gipuzkoa zein Bizkaiko baxurako arrantza-sektoreak, Kofradia Basque Seafood (KBS) bultzatu dabe. Ekimen estrategiko honen helburua euskal arrainaren lekua sendotzea eta haren balio-kate osoa indartzea da, jatorritik hasi eta eraldaketa zein merkaturatzeraino.
Proiektu hau martxan jarteak ikuspegi partekatu bati erantzuten deutso: Euskadin balio erantsi handiagoa sortzea, itsasoari lotutako jarduera indartzea eta euskal arrantza-sektorearen posizinoa hobetzea, merkatuak eta kontsumo-ohiturak aldatzen ari diran sasoi honetan.
Ekimenaren indargune nagusietako bat da flota, industria eta merkatua estuago lotzen dituala. Horrek aukera emoten dau eraldaketa-ahalmen handiagoa daukan, produktuaren ganeko kontrol handiagoa bermatzen dauen eta portuei zein arrantzeari lotutako ekoizpen-sarearentzat etekin handiagoa ekarriko dauen eredurantz egiteko.
Amaia Barredo sailburuak be nabarmendu dau proiektua modu bat dala flota, industria eta merkatua estrategia beraren barruan lerrokatzeko, eta sektorearentzat zein herritarrentzat gero eta garrantzitsuagoak diran alderdiak sendotzeko: kalidadea, elikagaien segurtasuna, trazabilidadea eta baliabideen kontrola.
Ildo horretan, proiektuak garrantzi berezia emoten deutso produktuaren balioa jatorritik ereiteari. Kofradia Basque Seafood ekimenak arrainaren ibilbide osoaren trazabilidadea eta kontrola bermatzeko aukerea emoten dau, kalidadearekiko konpromisoa indartuz eta baxurako zein artisau-arrantzako flotearen eguneroko lana balioan jarriz.
KBS 3 milioi euro inguruko hasierako inbertsinoagaz sortu da, eta lehen fase honetan 25 lanpostu zuzen sortzea aurreikusten da. Horrez gain, Berriatua, Getaria eta Bermeon kokatutako hiru plantatan oinarritutako egitura industriala izango dau, eta handik garatuko dau arrain fresko, izoztu eta eraldatuari lotutako jarduera.
Enpresa barriak, ganera, eraldaketearen eta balio erantsiaren aldeko apustua egiten dau. Horretarako, merkatuaren gaur egungo eskaeretara egokitutako formatu eta soluzino barriak garatzeko gaitasuna izango dau, baita kontserbazino eta prozesamendu teknologia aurreratuak txertatzeko be. Horreen artean dago banakako izozketa azkarra edo IQF sistema, produktuaren kalidadea mantentzea eta urte osoan eskuragarritasuna indartzea ahalbidetzen dauena.
Beste helburu nagusi bat be badauka proiektuak: arrainaren kontsumoa erraztea, batez be, belaunaldi barrien artean. Horretarako, gaur egungo ohituretara egokitutako formatu eta soluzinoak eskainiko dira, baina kalidadea, segurtasuna eta jatorriko produktuarekiko loturea galdu barik.
Holan, Eusko Jaurlaritzak eta baxurako euskal arrantza-sektoreak alkarlanean lanean jarraitzen dabe, sektoreari sendotasun handiagoa emoteko, epe luzerako bideragarritasuna indartzeko eta Euskadin balio gehiago sortzeko gai dan elikadura-kate sendoago eta lurraldeari estuago lotutako bat eregiten segitzeko.
