Bilboko Udal Txistulari Bandaren denboraldia barria hasiko da gaur Euskalduna jauregian. Apirilaren 3ra bitartean, zortzi emonaldi gehiago eskeiniko dabez 2022-2023 denboraldiaren barruan. Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier Garcia eta Peio Irigoien dagoz Txistulari Bandan. Garikoitz Mendizabalek zuzendaritzea itzi ostean, Gorka Zabaleta dabil zeregin horretan. Esan deuskunez, lehengo bidetik jarraitzen dau.
Kolaboratzaileak
Gaur hasten dan denboraldia barriaren ezaugarri nagusienetariko bat da txistulari boskoteak kolaboratzaile sare oparo eta askotarikoa izango dauala ondoan. Zabaletaren esanetan, bide barriak zabaltzen ahalegindu dira. Horren erakusle gaurko emonaldia. “Lurra Terra” ikuskizuna, folk estilokoa izango da. Xabier Zabala eta Aitor Furundarena musikariak izango dira eurekaz batetik eta bestetik Garazi Nievas akordeiolaria. Kepa Junkeraren lanak interpretauko dabez. Zemendiaren 9an bueltatuko dira Euskalduna Jauregira. Ainara Azpiazu ilustratzaile, komikigile eta muralista izango da orduan batetik eta bestetik Oihana Iguaran bertsolaria. Lehenengoak, Txistulari Bandak musikea eskeini bitartean ilustrazinoak egingo ditu. Bigarrenak barriz, bertsoak eskeiniko dauz. Abenduaren 20an, “Elur Malutak” kantaldia eskeiniko dabe. Hainbat abesbatzen laguntzea izango dabe orduan. Urtarrilean, “Haize Birak” ikuskizuna etorriko da. Beti Jai Alai dantza taldea izango dabe ondoan. Maite Guevara aktorea eta Oinkari Dantza taldeagaz izango dira hurrengo emonaldiak. Apirilaren 3an, “Arnasak” kantaldia izango da azkena. Orduan, ikusleen parte-hartzea ezinbestekoa izango da.
Bilbotik kanpora be bai
Bilboko Udal Txistulari Bandak Guadalajaran, Iruñean eta Bermeon be eskeiniko dauz emonaldiak denboraldi barrian. Zemendiaren 4an Guadalajarako Teatro Modernon izango dira Garazi Navas eta Oinkari Dantza Taldeagaz. Abenduan kontzertu bi eskeiniko dabez Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko txistu ikasleakaz. Lehenengoa Bilboko Bidebarrietan izango da eta bigarrena Iruñean. Urtarrilaren 28an Bermeoko Arrantzaleen Museoan joko dabe. MusEkintza jaialdiaren barruan izango da.
Urte guztian zehar eten barik
Bilboko Udal Txistulari Bandak ostantzeko konpromisoei eusten jarraituko dau. Urtean zehar danetara ehun bat emonaldi eskeiniko dabez.