IOTC erakundeak Europako ontzidiak erabilten dauzan arrainak biltzeko gailuen erabilerea mugatu gura dau

Mombasako batzarrean onartutako araudi barriaren aurka egiteko eskatu deutso sektoreak Europako Batasunari

Kolpea Indiako ozeanoko atunontzientzat

Bermeoko atunontzia Seychelleseko Maheko portuan / Bizkaia Irratia

Indiako Ozeanoko atunen ustiaketa kudeatzen dauen erakundeak (IOTC) gogor jo dau Europako atunontzien aurka Keniako Mombasa urian egin dauen azken batzarrean. Izan be, hamasei herrialdek babestutako ebazpenean, IOTCek nabarmen mugatu dau Frantzia eta Espainiako banderako ontziek euren arrantza jardunerako ezinbestekoak dabezan arrainak biltzeko gailuen (FAD) erabilerea. Egun ontzi bakotxak erabili leiken gailu kopuruaren herena kendu gura dabe 2025erako. Horrez ganera, datorren urtarrilaren 1etik aurrera debekauta geratuko da aitaturiko gailuekin arrantza egitea hirurogeita hamabi egunetan, garagarrilaren 1etik irailaren 11ra. Hori guztia gitxi balitz, IOTCk atunontzien laguntza lanetan ari diran ontziak kendu gura dauz itsasotik.

Europeche, Europako atunontziak biltzen dauzan alkarteak salatu egin dau Mombasan hartutako ebatzia bultzatu daben herrialdeek Europako ontzidia kanporatu egin gura dabela Indiako Ozeanoko uretatik. “IOTCk onartutako azken araudia ez dago erizpide zientifikoetan oinarrituta. Beste errazoi batzuk dagoz Europako flotaren aurkako eraso honetan. Onartutako arauak indarrean jarri ezkero, kolokan egongo litzateke gure flotaren etorkizuna Indiako Ozeanoan”. Europechek eskatu deutso Bruselari araudi barriaren aurka egin daian  Europako atunontzien flota salbetako. Borja Alonso, Albacora enpresako ordezkariagaz eta Anertz Muniategi, ANABAC alkarteko arduradunagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Kresala tartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular