Kristina Mardarasek, 76 urtegaz, bere ingurukoen omenaldia jaso dau

"Euskeraren erabilerea gehitu da baina esango neuke kalidadea pobretu dala" esan dau Iurretako bertsolariak

Kristina Mardaras: “Ez neuke gura Euskal Herri aske baina erdaldun baten bizi”

Kristina Mardaras / Bizkaia Irratia

Gaur egun oholtzan Onintza Enbeita, Miren Amuriza edo Nerea Ibarzabal bertsotan entzuteak hasitako bideak merezidu ebala erakusten deutso Kristina Mardarasi. “80ko hamarkadan bertsolaritzan emakumeen basamortu baten ibilten hasi nintzan. Nik irauten badakit eta iraun neban bertsoaren munduan atzetik Maialen eta beste batzuk etorri arte” esan deusku gaur Kristina Mardarasek. Feminismoak bertsolaritzeari asko emon deutsola uste dau Mardarasek. “Feminismoa nire sasoian ama eta amabirjina ziran eta gaur egun gaiak asko aldatu dira, zaintza, emakumeen eskubideak etabar luzea aitatzen dira. Horretan gizonezko gitxi batzuk be sartu dira, feminizatu dira eta ederra da hori” adierazo dau Iurretako bertsolariak.

Euskerea

“Euskeraren erabilerea gehitu da baina esango neuke kalidadea pobretu dala. Prestamo gehiegi entzuten dodaz inguruan eta askotan ulertzea kostetan jata” aitatu dau Kristina Mardarasek. Kalidadea zaintzen ahalegin gehiago egin behar dala uste dau. “Irakasle eta gurasoen artean gure sasoian alkarlan handiagoa egoan, gurasoak beti egozan laguntzeko prest. Orduko gurasoak ez egozan etxetik kanpo lan egiten eta disponibilidade handiagoa eukien” gaineratu dau Mardarasek.

Omenaldia

Pasa dan zapatuan Iurretan makina bat lagunek omenaldia egin eutsen 76 urte daukazan Kristina Mardarasi. “Hainbat urtetan herrigintzan behar handia egin dot baina sekula ez dozu pentsetan holakorik egingo deutsuenik. Nire bertso eskolako umeak guraso bihurtu dira, umeak daukiez eta bertsotan entzun nebazan” hunkituta eta negarrez egon zala kontau deusku.

Hikadromoa

Durangoko Azokan, abenduaren 7an, zapatuz Hikadromoa jarriko dabe martxan. Hika berba egiteko gunea izango da eta edonork parte hartu leike. Kristina Mardaras ekitaldi honen antolatzaileetariko bat da. “Bizkaian 5 hika modu dagoz eta Euskal Herrian gehiago. Beraz, bakotxa mahai desbardinetan jarten bada hainbat hika desbardin entzungo doguz” esan dau Mardarasek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00