Kulturara heltzeko dagozan oztopoak gainditzeko sare sendo baten beharra aldarrikatu da

Gertu Kultura Bizkaiak antolatu dau jardunaldia

Kultur eskubideen aldarrikapena egin da Bilbon

Gertu Kultura Bizkaiak antolatutako jardunaldia / Bizkaia Irratia

Gertu Kultura Bizkaia ekimenak antolatuta, kultur eskubideen ganeko jardunaldia egin da gaur Bilbon. BBK Aretoan mahai-inguruak eta berbaldiak eskeini dira goiz osoan. Urtea bete dau Gertu Kultura Bizkaia ekimenak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk jarri eben abian, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzeagaz. Zaurgarritasun egoeran edo gizarte bazterketea jasateko arriskuan dagozan pertsonak, kulturara heltzeko eta kulturan parte hartzeko daukiezan oztopoak ezabatzen saiatzen da Gertu Kultura Bizkaia. Mirari Garcia, bitartekaritza arduradunak azaldu deuskunez, programa bat daukie horretarako eta erantzun ona izan dau orain arte. Kulturara heltzeko pertsona honeek topetan dabezan oztopoen artean, ekonomikoa litzateke nagusienetariko bat. Oztopo fisiko eta sensorialak be badagoz eta gizarte oztopoak.

Jardunaldia

Kultura zurea da. Zure eskubidea da’ lelopean jardunaldia egin da goizean zehar BBK Aretoan. Kultur eskubideak aldarrikatzea izan da ekimen honen helburu nagusia. Erakundeetako ordezkariek emon deutse hasierea gaurko jardunaldiari, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza Foru Diputadua eta Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol Foru Diputadua tartean. Sare sendo bat osotzearen alde azaldu dira, dagozan oztopo guztiak gainditeko. Mahai-inguru, aurkezpen eta solasaldi desbardinen bitartez, kultur eskubidea zer dan aztertu dabe. Erakundeetako ordezkariez gain, kultura arloko profesionalak, gizarte eragileak, giza eskubideetan adituak diren pertsonak eta gizarte erakundeetako erabiltzaileak batu dira bertan. Gertu Kultura Bizkaiak, dinamika desbardinak antolatzen dauz. Hileon, formakuntza saioa eskeiniko dabe Once erakundeagaz Bilboko Euskalduna jauregian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00