Kontzertuak nagusi

Armintzan egingo da garagarrilaren 13an

Kultura baltza oinarri Txapel Reggae jaialdian

Txapel Reggae Armintzan / Bizkaia Irratia

Armintzan prest dagoz Txapel Reggae jaialdi barri baterako. 30 urte baino gehiago daroez oso ezagun egin dan jaialdi hau antolatzen. Gogoratu dabenez hasierako ezaugarri bi mantentzen dabez; autogestinoa, jaialdia Armintzako Jai Batzordeak antolatuz eta doakotasuna. Antolatzaileen izenean Gurtuk esan deusku, jente askoren inplikazinoa nahitaezkoa dala holango jaialdi batek aurrera egiteko.

Kontzertuak eta gehiago

Kultura baltzaren aldeko apostua egin dabe aurten antolatzaileek. Arrazismoaren kontrako jolasaldi bat eta mahai ingurua antolatu dabez txosnan. Afrodance masterclass-a be izango da Africanvibes Dance taldeagaz. Txapel Reggae eguerdiko hamabietan hasiko da Batukale Sambaren kalejireagaz. Arratsaldeko hiruretan, Dub Stage izango da Kwsk Ninja/Novato, Ziztada & Rlantz+Komadü, Soinu Beltzak eta Bomb Bass Hifi feat I-Man Cruzegaz batera. Portuan bitartean, gaueko bederatziretan hasiko dira kontzertuak. Macka B & The Roots Ragga Band, Askala Selassie & The Sound Rebels, Ashraff 30 & The Sound Rebels, Lion Sitté & Snap Collective, Emeterians Live Dub eta Pagasarri Ska All Stars taldeakaz.

Garraio publikoa

Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko aholkatzen dabe. Lineako ohiko autobusez gain, ordu erdiro ibiliko da autobus bat Plentziatik Armintzara bitartean gau osoan. Horrez gain, autoek Bakio eta Armintza lotzen dauan errepidearen bazterretako baten itzi ahal izango dabez ibilgailuak. Gorlizetik Armintzara doan bidea gogoratu itxita egongo dala Trokaren bidegurutzetik. Beraz, herrian bizi diren eta baimena daben ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira Armintzara. Gogoratu bestalde, azken urteetako doako kanpaldi-gunea be badagoala. Urtero hiru mila lagun inguru batzen dira Armintzako Txapel Reggae jaialdian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular
w