Alberto Nuñez Feijoo fikzino baten bizi dala esan deusku gaur Lander Martinezek Sumar alderdiko Bizkaiko diputaduak. Goizeko Izarretan irratsaioan izan da gaur Martinez. Sumar alderdiak Euskadi osoan lortu dauan diputadu bakarra da bera. Feijoo fikzino baten bizi dala dino Martinezek, kontuan hartuta, gehiengo nahikorik barik aurkezten dala inbestidura ekitaldira.
Pedro Sanchez hautagai sozialistak emoten dau errezago daukala presidente izateko. Dana dala, Sanchez be, badabil alderdiakaz berbetan hori lortzeko. Lander Martinezek esan deusku badabiltzala diskrezinoz berbetan. Eurentzat ardatz bi dagoz, agenda soziala eta demokratikoa. Sumarrek PSOEri Mozal Legea, Bekadunen Estatutua eta Gitxieneko Soldatearen igoerea jarriko deutsoz mahai gainean.
Lander Martinezentzat ohore bat izango da euskeraz hitz egin ahal izatea Madrileko kongresuan. Pedro Sanchezen inbestidura batek aurrera urtetako Kataluniako Junts alderdiaren babesa behar da. Honeen aldekotasuna lortzeko Amnistia Legeaz berbetan hasita dagoz. Sumar alderditik lege horren alde agertu dira. Martinezek gogoratu deusku, lan-talde juridiko bat badabilela hori guztia aztertzen.
Espainiako presidente barria izendatzeko negoziazinoen barruan estadu eredua be aipatu da alderdi abertzaleen aldetik. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo esan eban, estadu ereduaz berba egiteko unea dala kontuan hartuta, Espainiako presidente barriak Euskadi, Galizia eta Kataluniako alderdien babesa behar dauala. Konbetzino konstituzionalaz egin eban berba Urkulluk. Honetaz, Lander Martinezek esan dau, ez daukala argi konbentzino konstituzionalik behar danik. Hori bai, argi dauka, konstituzinoa aldatzeko eta errealidadera egokitzeko balio daben espazioak behar dirala.