Larrahe jainko edo jainkosa baskoiari K.o. I. mendean egindako eskaintza

Larunbeko Arriaundi mendiko tontorrean aurkitu zan aldarea

Larrahe jainko edo jainkosa baskoiari eskainitako aldare erromatarra

Arriaundi mendian aurkitutako aldare erromatarra, K.o. I. mendekoa. / Aranzadi Zientzia Elkartea

Orain dala 14 urte Larunbeko Arriaundi mendiko tontor ikaragarrian hasi eben indusketa bat XI. mendeko Doneztebeko monasterioaren aztarnak azaleratzeko. Hamabi urte beranduago aurkitu ebenak askoz be garrantzi handiagoa dauka. Erromatar garaieko aztarnak aurkitu ebezan, baina arrasto guztien artean aldare erromatar bat nabarmentzen dabe.

Aldarean inskripzino desbardinak agertzen dira latinez, baina inskripzino bat oso esanguratsua da, Larrahe. Adituek dinoenez eta inskripzinoen arabera, Valeria Vitella, emakume batek, jainko edo jainkosa baskoi bati egindako eskeintza da. Aranzadi Zientzia Elkartetik esan dabenez, aldarearen aurkikuntzak aurrerapen nabarmenak ekarri dauz baskoien sinesmenei, Larrahe jainko edo jainkosaren adorazino-eremuari eta mundu erromatarraren eta baskoiaren arteko sinkretismoari jagokonez.

Euskal Herria, Bartzelona, Burgos eta Paueko unibertsidadeetako arlo desbardinetako adituek parte hartu dabe ikerketan. Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusi eta Arriaundi aztarnategiko zuzendariak, Oihane Mendizabal Sandonís Université de Pau-ko ikertzaile postdoktoralak, eta Luis Mari Zaldua Euskal filologian doktore eta Euskaltzain urgazleak, aurkikuntzaren zehaztasun guztiak azaldu dabez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00