Xemein Abesbatzak 50 urte beteko dauz 2026an. Ekitaldi diferenteak egingo dabez urtean zehar urteurrena ospatzeko. Lehenengoa, Xemein Ahotsak musika zikloa izango da. Urtarriletik martira bitartean, lau kontzertu programauko dabez, eta abesbatza zein musika estilo desbardinak herrira hurreratzea izango da helburua.
Mireia Ibarzabal Xemein Abesbatzako kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, musika ziklo hau 50. urteurrena ospatzeko sortu da, baina baita abesbatzen mundua eta musika mota anitzak publiko zabalari erakusteko asmoagaz be. Xemein Ahotsak zikloan lau emonaldi izango dira, guztiak zapatuz (19:30ean) eta Xemein elizan. Lehenengo kontzertuan, urtarrilaren 10ean, Oskarbi musika talde ezaguna igongo da oholtzara, Xemein Abesbatzagaz batera. Ostean, Suhar koruak (urtarrilaren 24an), Bilboko Koralak (zezeilaren 14an) eta Kantika Koralak (martiaren 14an) hartuko dabe parte. Antolatzaileek nabarmendu dabenez, estiloen aniztasuna izango da zikloaren ezaugarri nagusietako bat: euskal musikaren erreferentea dan talde bat, gizonezkoen korua, koru mistoa eta umeen korua. Helburua da abesbatzen musika zale ez diranetzat be proposamen erakargarria eskaintzea.
Mireia Ibarzabalek gogoratu deuskunez, Xemein Abesbatza 1976an sortu zan, Jose Luis Lauzirika arratzuarraren ekimenez eta 80 koralistagaz. Lehenengo kontzertua Bilbon eskaini eben, Begoñan. Gaur egun 40 koralista inguruk osotuten dabe abesbatza, eta Aitor Garitano da zuzendaria. Abesbatzak osasun onean segiduten dauala nabarmendu dau Ibarzabalek.
