Argi Beltza bertsolari gazteen sariketea egingo da bagilaren 2an hasita. Jon Lopategi gogoan dala sortu eban sariketa hau Lilibertsok, Gernika-Lumoko bertsozale alkarteak. Laugarren edizinoa da aurtengoa. Aipatu dabenez, hasierako helburua mantentzen dabe, hau da, inguruko gazte bertsolarien plazak bermatzea eta ahal dala, girorik onenean, sariketa bat gehiago gehitzea Busturialdeko bertso ekosistemara.
Hiru kanporaketa
Hiru kanporaketa izango dira. Bagilaren 2an, Asier Galarza, Eneko Aldana, Gorka Pagonabarraga, Ekhiñe Zapiain, Paula Amilburu eta Igor Galarza arituko dira Gautegiz Arteagan. Bagilaren 9an, Ajangizen izango da saioa. Beñat Bilbao, Janire Arrizabalaga, Xabat Illarregi, Maddi Aiestaran, Irantzu Idoate eta Izaro Bilbao arituko dira. Mendatan izango da azken kanporaketea bagilaren 16an. Koldo Gezuraga, Iker Uriarte, Eli Pagola, Iruri Altzerreka, Paule Loizaga eta Peio Molnuevo izango dira honetan. Saio guztiak arratsaldeko seiretan izango dira eta bakotxetik, puntu gehien lortzen daben lehenengo biak igaroko dira finalera. Honakoa Muxikan izango da bagilaren 22an.