
Hile bi ta erdi igaro dira Kantauriko baxura flotak bokartaren arrantzaldiari ekin eutsonetik eta euskal ontziek 4.900 tona inguru arrantzatu ditue. Aurten indarrean jarritako kudeaketa sistema barriaren arabera, euskal flotak bere kuotea, 8.055 tonakoa, kudeatzeko aukerea dauka. Halandaze, 3.100 tona inguru geratzen jakoz harrapatzeko. Bokartaren arrantzaldia eta beste hainbat konturen ganean egin dogu berba Leandro Azkuegaz, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeagaz Bizkaia Irratiko Kresala tartean.
Azkuek nabarmendu dauenez, bokartaren batezbesteko prezioak gorakada nabarmena euki dau —bikoiztu egin da aurreko urtekoagaz alderatuta—, porturatutako arrainaren tamaina be handitu egin dalako. Arrantza sailburuordearen eretxiz, kudeaketa sistima barriak eragina euki dau prezioaren igoeran.
Bokartaren kosterearen balorazinoa positiboa bada be, ezin da gauza bera esan berdelaren arrantzaldiaren ganean, eskuko tretzak erabilten dabezan ontziei jagokenez behintzat. Izan be, inoiz baino berdel gitxiago arrantzatu dabe, euren kuotearen %16 bakarrik hain zuzen be. Azkuek esan dauenez, Jaurlaritza Madrileko gobernukoa arrantza arduradunekaz dabil berbetan, kaltetutako arrantzaleei diru laguntza bat emoteko asmoagaz. “Ez dakit akordiorik lortuko dogun Espainiako gobernuagaz, baina holan ez bada, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat emongo deutse eskuko tretzak erabilten dabezan ontziei”.
Horrek eta beste hainbat kontu jorratu doguz Leandro Azkuegaz izandago solasaldian.