Innobasquek, Barrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XIX. Batzar Nagusia egin eban pasa dan astean, eta bertan alkartu ziran Agentziaren oinarria osotzen daben entidadeetako ordezkariak. Leire Bilbao zuzendari nagusiak esan deuskunez, gaur egun, 900 baino gehiago dira Innobasqueko bazkideak: enpresak, administrazino publikoak, hezkuntzako eragileak, zientzia eta teknologia munduko entidadeak, barrikuntza ekosistemako tarteko organismoak, entidade sozialak eta Euskadin barrikuntzari bultzadea emoteko konpromisoa daben persona esanguratsuak.
Ganera, Innobasquek 2026-2030 Plan Estrategikoa onartu dau aitatutako Batzar Nagusian, Euskadin inpaktu handiko barrikuntza sortzen laguntzeko. Plan Estrategikoaren ardatz nagusiak energia trantsizinoa, digitalizazino bizkorra eta gizarte kohesinoaren preminea dira. Guztira, hiru helburu estrategiko ditue: “Alkarlana bultzatzea, barrikuntza bizkortzea eta Europan posizionatzea”.
Barrikuntza kontuei jagokenez, ondo gagoz Euskadin, Europako beste leku batzuekaz alderatuta behintzat: “Europako Batzordearen Europako eskualdeen barrikuntza-sailkapenean 81. postuan gagoz, 251tik. Beraz, posizionamendua ona da, baina ezin gara lokartu. Bitartean, Espainiako bigarrenak gara”. Horren harira, Batzar Nagusian berbaldi ezbardinak egin ziran, tartean Bilbaok emondakoa Europar Batasunaren etorkizuneko Ikerkuntza eta Barrikuntza Esparru Programak Euskadirako ekarriko dituan aukeren eta erronken ingurukoa. Bilbaok esan deuskunez, dirua egon badago.
Bestalde, barrikuntzeaz berba egiten dogunean enpresa handiak etorten jakuz burura behar bada, baina enpresa ertain eta txikietan be posiblea eta beharrezkoa da. Kasu ezbardinak dagoz, baina agenteen arteko kolaborazinoa beti da ezinbestekoa: “Enpresa txiki barritzaileak badagoz, baina kolaborazinoak ezinbestekoak dira eurentzat, beste dimentsino batzuk eukiteko”.
