BFAko Euskera, Kultura eta Kirol diputadua alkarrizketatu dogu gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. Bilboko Rekalde Aretoa itxura aldatuta dator eta atzo bertan areto barrituaren inaugurazino ekitaldia izan zan. “Rekalde Aretoa publikoa da, doakoa eta arte garaikidera hurreratzeko bidea emoten dau. Arte mota hau ulertzen laguntzen dau. 12 egunetarako programazinoa barriagaz zabaldu dogu” aitatu dau Arrizabalagak. Arte Ederretako Museoan izandako obrek 3 hilabeteko atzerapena dabe. “Hiru hilabeteko epea emon deutsegu enpresei soluzinorik onena topetako, epe horretan gagoz eta konponbidea topauko dabelakoan gagoz” esan dau Arrizabalagak. Bestalde, Bilboko Zazpi Kaleetan dagoan Euskal Museoa erabarritzeko obrak aurton amaituko dirala iragarri dau Kultura diputaduak. “Obrak amaitzeagaz batera, museo-egituraren proiektua falta da eta horrek be denbora apur bat eroango dau” gaineratu dau Leixuri Arrizabalagak BFAko Kultura diputaduak gaur Goizeko Izarretan irratsaioan.
Hizkuntza eskakizunak
Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota eban BFAk 77 lanpostu publiko egonkortzeko lan eskaintza publikoa, euskereari garrantzia larregi emoten jakola argudiatuta. “Epai horren kontra helegitea jarteko epean gagoz eta jarriko dogu. Gure talde juridikoa, oso osorik, hori aztertzen eta lantzen dabil. Oso argia da hizkuntza koofizial bi dagozan lurraldeetan biak jakiteari meritu handiagoa emon behar jakola. Botere judizialaren interpretazinoa ez dekogu alde eta horri bueltea emon gura deutsagu” azaldu dau Lexuri Arrizabalagak.
Kirola
Athleticen Iñigo Cabacas herri-harmailan gertatutakoari buruz, BFAko Kirol diputaduak azaldu dau kirol esparrutik kanpo dagoan zeozer dala. “Athletic ez da ezebez animazino barik, euren zaleak barik eta ez dauka zentzunik holan ibiltea” azaldu dau Arrizabalagak. Kirol profesionaletik harrobietara jaitsita, Arrizabalagak esan dau kirol talde horreek euskerara hurreratu beharko leukiela. Aurtongo aurrekontuetan gaztetxoen aisialdia euskaratzeko planean arreta berezia jarri dabela esan deusku.