Leixuri Arrizabalaga BFAko Kultura, Euskera eta Kirol diputadu andreak esan deuskunez, berak edalaontzia erdi beteta ikusten dau euskera kontuetan. Euskerea zabaltzeko eta sendotzeko bidelagun ugari dabela Bizkaian, euskalgintza sare zabala dagoelako, eta gainera alkarregaz lan egin ezean alperrik dala. Euskerea adin tarte guztietan zabaldu gura dabela esan deusku, ume, gazte eta helduen artean. Bizkaira bizi izaten kanpotik etorritakoak be aintzat hartu behar dirala esan deusku, eta eurekin be lan egin behar dala.
Karguan daroan urtebete pausautu honetan arretea deitu ei deutso euskerearen kontrako jarrerea daukan lagun taldeak. Talde txikitxoa dala esan deusku, baina egon badagoela, beraz garrantzitsua dala eurekin berba egitea eta egoerea bideratzea,ikusi dagien euskerea ez dala txarra ez euren arerioa.
Bizkaierea sendotzearen aldeko apustua nabarmen dau, Bizkaian bertoko berbetea zaindu behar dogulako. Konplexuak alde batera itzi eta bizkaieraz edonon eta edonoagaz berba egitearen aldekoa da Arrizabalaga.
Kulturan sortzaileen oparotasuna nabarmendu deusku, aberastasun itzela dagoelako. Arlo guztietan ei dago euskerazko sortzaile asko, eta horri balioa emon behar deutsagula. Sormen lanek hartzaileak, kontsumitzaileak behar dituela.
Euskerearen nazinoarteko egunari begirako mezuan guztioi eskatu deusku hausnarketea, aztertzeko euskereak gure eguneroko bizimoduan zein presentzia daukan eta ahal dan heinean hori handitzen ahalegintzeko.