Bizkaia ikus-entzunezko industriaren aldeko apustu argia egiten dabil

Israelgo parte hartzaileekaz kirol lehiaketetan egotea ez da erosoa Euskerea, Kultura eta Kirol diputaduarentzat

Leixuri Arrizabalaga: “Guggenheim Urdaibai proiektuaren hausnarketa prozesuan murgilduta gagoz oindino”

Israelgo parte hartzaileekaz kirol lehiaketetan egotearen aurka dago Arrizabalaga / Bizkaia Irratia

Leixuri Arrizabalaga Euskerea, Kultura eta Kirol saileko foru diputadua izan da gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. Arrizabalagaren eskutik, kontu ugari jorratu doguz: Israelen presentzia kultura eta kirol ekitaldietan, Guggenheim Urdaibai proiektuaren egoerea, Bizkaiak ikus-entzunezkoen industriaren alde egindako apustua, etab.

Azken asteetan, Gazako Zerrendan dagoan egoerea dala eta, Israelgo parte hartzaileak albo batera izteko eskatuz dabilz, besteak beste, kirol eta kultur ekitaldietan. Honen inguruko adibide ugari euki doguz Bizkaian azken boladan. Gogoratuko dogu irailaren 3an Espainiako Vueltako etaparen amaierea bertan behera gelditu zala Bilbon, Israel-Premier Tech taldearen aurka egindako protestengaitik. Horren harira, Lointek Gernika Bizkaiak Israelgo Elitzur Ramla taldearen kontra jokatu beharko dau emakumezkoen Eurokopako lehen fasean. Arrizabalagarentzat Israelgo parte hartzaileekaz kirol lehiaketetan egotea “ez da erosoa”.

Kulturari jagokonez, Zinemaldia izan da protagonista azken astean. Euskal zinea puntaren puntan dabilela ikusi dogu. Esaterako, Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren Los domingos filmak Urrezko Maskorra irabazi dau. Bizkaian ikus-entzunezko industriaren aldeko apustu argia dago. Lurralde moduan hartutako erabagia dala dino Arrizabalagak.

Hausnarketa prozesua ez da amaitu

Guggenheim Urdaibai museoa egiteko eragozpen ugari dago momentuz, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak lehengoan esan ebanez. Arrizabalagak esan deuskunez, gauzak ez dira asko aldatu azken boladan: “Guggenheim Urdaibai proiektuaren hausnarketa prozesuan murgilduta gagoz oindino”. Entzute prozesuaren lehen fasean behintzat, Muruetan egitearen aurka agertu da jentea. Edozelan be, prozesu osoa amaitu arte ondoriorik atera ezin dalakoan dago Bizkaiko Foru Aldundiko bozeroalea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00