
Mugikortasunaren Europako Astea dala-eta, Elkarten-ek mugikortasun sistema bat sortzea eskatu dau, desgaitasun fisikoa daukien pertsonek modu autonomoan, seguruan eta inklusiboan mugitzeko daukien eskubidea bermatzeko. Fekoor (Bizkaia), Elkartu (Gipuzkoa) eta Eginaren Eginez (Araba) alkarteek osotuten dabe Elkartean, Euskadiko desgaitasuna fisikoa daukien pertsonen alkarte koordinatzailea.
Argitaratutako manifestuan, Elkartean erakundeak gogorarazo dau, desgaitasuna daukien pertsonen eskubideei buruzko Nazino Batuen Konbentzinoak ezartzen dauala estaduek garraioan eta ingurune fisikoan baldintza bardinetan sartzeko neurriak hartu behar dabezala. Aurrerapenak aurrerapen, Elkarteanek salatzen dauanez, desgaitasun bat daukien pertsonek “euren autonomia eta gizarte-bizitzan erabateko parte-hartzea mugatzen daben oztopoak aurkitzen jarraitzen dabe”.
Lau Haizetara irratsaioan Leixuri Badiolak gogoratu deuskunez, gaur egun hondino oztopo handiak dagoz Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasun fisikoa daben pertsonen eguneroko mugikortasunean. “Autobusera edo metrora sartzea bera zailtasun handia da askotan, eta trenaren kasuan egoera are okerragoa da”, salatu dau Elkartean-eko kideak. Bere esanetan, irisgarritasuna bermatzeko ez da nahikoa azpiegiturak egokitzea. Horrez gain, funtzionamendu egokia eta profesionalen prestakuntza ezinbestekoak dira.
Elkartean-ek plazaratutako manifestuak mugikortasunaren izaera unibertsala azpimarratzen dau, eta gizarte osoari dei egiten deutso irisgarritasuna lehenesteko. Leixuri Badiolak argi itxi dau: “Mugikortasuna ez da gitxi batzuek pribilegioa izan behar, eskubidea da guztiontzat“.