Lekuek Festibalaren hamalaugarren edizinoa hasiko da bihar Gernika-Lumon. Txiki jaiotako jaialdia handi bihurtu dala esan daiteke. Antolatzaileek esan deuskue, harro egoteko modukoa dala jaialdi honen ezaugarriakaz hainbeste edizino egin ahal izatea. Jokin Ansotegiren esanetan, autogestinoa da gakoa. Era berean, publikoaren fideltasuna be azpimarratu dau. Askok erosten dabe jaialdiko bonoa, kartela ezagutu aurretik. Ainhoa Olasorena da aurtengo Lekuek jaialdiaren irudia. Gogoratu behar, kartel-egilea beti izaten dala eskualdeko sortzailea. Askok aipatu dabe Olasoren lana, orain arteko onena dala.
Astra txupinazoan
Urtez urte, beti saiatzen dira gauza barriak ekarten. Musikari jagokonez, aniztasuna da ezaugarri nagusia. Olaia Inziarte, Janus Lester, Katiuskak… zerrenda luzea da. Kartel osoak merezi dauala dino Ansotegik. Jaialdiaren txupinazoa bihar izango da, baina gaur, Lizeo Antzokian, Manolo Kabezabolo dokumentala ikusi ahal izango da eta solasaldia izango da ostean. Txupinazoari jagokonez, aurten, Astrak botako dau txupina, 20 urte bete dauazalako. Astra, Lekuek jaialdiaren kanpamendu-basea dala gogoratu dau Ansotegik. Berbaldiak, solasaldiak, tailerrak… domekan disko eta arte azokea be egingo da. Inguruko sortzaileen lanak ezagutarazteko azokea da honakoa. Lekuek Kalean! atalean lau emonaldi antolatu dabez. Autogestionautako guneetatik kanpo egiten diran saioak dira honeek. Azpimarratzekoa, ohiko taberna, kale eta kulturguneez gain, gaztetxean be eskeiniko direla Lekuek jaialdiko saioetariko batzuk, autogestionautako gunea hau be.
Sarrerak eta bonoak aspalditik dagoz salgai. Online eskuratu daitekez jaialdiaren webgunen, bonoak Astran eskuratu daitekez eta lehiatilan, ekitaldiak hasi aurretik be erosi ahal izango dira sarrerak.
