1985. urtean hasi zan Libe Agirre lankidearen ibilbide profesionala. Bilboko Herri Irratian euskerazko programazinoan esatari lanean hasi zan. Ondo gogoratu dauz orduko garaiko kontuak. Horretan lagundu deutso Mikel Astelarra lankideak, beragaz batera hasi zan eta Herri Irratian. Telebistan be aritu zan, 1988. urtetik 1990.era bitartean. Albistegietan aritu zan ETBn. Irratiko lana aste barruan egiten eban eta telebistan astegoienetan. Pedro Mari Goikoetxea ezagutu eban bertan eta lagunak dira ordutik. Pedro Marik bertsoa idatzi deutso eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariaren ahotsez entzun dogu.
Bizkaia Irratia
1990. urtean sortu zan Bizkaia Irratia. Telebistako albistegietan egiten eban lana itxi egin eban eta Sustraia saioko aurkezle lanetan hasi zan. 10 urte egin ebazan lehen sektoreari eskeinitako saio hau aurkezten Luis Mari Bengoagaz batera. Irratian lan egiten jarraitu eban baina urte bi inguru Emakunden be aritu zan prentsa arduradun lanetan. 2021. urtetik euskaltzain urgazlea da Libe. Izendapena zelan jaso eban gogoratu dau eta Adolfo Arejita euskaltzainak agurtu dau hunkituta.
Lankide ohiak-entzuleak
Lankide ohiak eta entzuleak be izan dauz gogoan Libe Agirrek. Udane Goikoetxeak mezua bialdu deutso eskerrak emonaz beragandik jasotako laguntza guztiagatik. Entzuleen artean barriz, Mila Maruri Lekeitioko entzulea be pozik Libe lankideari agurra eskeiniz bere azken lan egunean. Lagun handiak berarentzat, Udane eta Mila. Azkenik, alkarrizketa berezi honetan, Leire alabaren berbak entzuteko erea izan dogu. Amaren lana zelan bizi izan daben azaldu dau, Libe bera hunkituz.