Liher taldeak etenaldi luzea iragarri dau 2024ko martitik aurrera

Taldekideek atseden beharra argudiatu dabe

Lide Hernando: “Bertigo apur bat emoten deusku, ze ez gara gelditu zortzi urtetan”

Lide Hernando, Liher taldeko abeslaria / Bizkaia Irratia

Orain hilabete etenaldia iragarri eban Liher taldeak. Donostiako rock bandeak 2021.eko udagoienean kaleratu eban bere azkenengo lan luzea, Eta hutsa zen helmuga, eta orain jakin eragin dau etenaldi luze bat egingo dabela diskoaren aurkezpen bira amaitzean.

Lide Hernando abeslariak taldekideen atseden beharra azpimarratu deusku. “Gogoa geunkan gelditzeko, eta gelditu benetan… Gelditu, atseden bat hartu eta perspektiba: gero barriro alkartu eta esan, ze momentutan gagoz, gogoa daukagu hurrengo disko bat egiteko, ala naturalki zikloa amaitu da eta kitto!”. Momentuz Liher taldeak “gero arte” dinosku. Eurek ez dabe “agur” bat adierazo. Baina taldekideek be ez daukie argi. Horregaitik hartuko dabela atsedenaldia gaineratu deusku Hernandok.

Etenaldi horren aurretik, baina, Donostiako laukoteak kontzertu ugari daukaz aurreikusita udagoien honetarako. Astegoien honetan Austria eta Alemanian egingo dabe bira txiki bat. Ostean Amurrion, Zumaian, Madrilen, Bartzelonan edota Azpeitian joko dabe abendura bitartean. Agur kontzertuak Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango dira: urtarrilaren 26an Jimmy Jazzen, zezeilaren 25ean Kafe Antzokian, eta martiaren 2an, barriz, Donostian. Azken horri jagokonez, momentuz ez dabe zehaztu zein aretotan joko daben.

Liher proiektuak 2015ean hasi eban ibilbidea. Bakarkako maketa bat atara eban orain taldeko abeslari eta gitarra jole dan Lide Hernandok: Arrazoi gutxi, denbora asko (2015). Jarraian talde bihurtu zan proiektua, eta Iñigo Etxarri (gitarra, koroak), Joshka Natke (baxua, koroak) eta Ander Berzosa (bateria) batu ziran.

2016.urtean Hauts izeneko lehenengo lan luzea kaleratu eben. Ondoren etorri ziran Tenpluak Erre (2018), Hemen Herensugeak daude disko-liburua (2020) eta Eta hutsa zen helmuga (2021) azken lana. Lau disko honeetan zehar Liher laukoteak rock musikearen adar desbardinak nahastau dauz, estilo eta soinu gero eta pertsonalagoak garatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular