'Arima Soul' lehenengo lan luzea argitaratu barri dau laukoteak

Binilo eta CD formatuan dator debuteko diskoa

Lidia Insausti (Arima Soul): “Batez be alaia eta koloretsua da gure lehenengo lana”

Mikel Unzurrunzaga Makala-k eta Lidia Insaustik 2020.urtean sortutako musika proiektua da Arima Soul. Ostean gehitu jaken Paul San Martin (tekladuak) eta Gorka Gaztanbide (bateria). 1960ko eta 1970eko hamarkadetako rhythm & blues eta soul kutsuko musikea egiten dabe, baina baita neo-soula be bai. Lidia Insausti abeslariak azaldu deuskunez, taldean soul musikea da gehien nabarmentzen dan estiloa, nahiz eta taldekide bakoitxak bere influentziak izan. Soul doinuak euskaraz sortzea da taldearen helburua eta momentuz emaitza onak izaten dabilzala esan deusku Insaustik.

Elkar estudioetan grabatu dabe lehenengo disko luzea, Victor Sanchez soinu teknikariaren gidaritzapean. Zortzi kantu dira danetara, danak kantu propioak eta Lidia Insaustik nabarmendu dauanez, disko “alaia eta koloretsua” da. Berak sortu dauz abestien letrak eta maitasuna, hausnarketak dira nagusi hitzetan. Hainbat musikarik kolaborau dabe diskoan: Noa Egiguren eta Lide Hernando koroetan, Broken Brothers Brass Band-eko Ion Celestino eta Adrian Martinez, eta Lalo Lopez kitarrajolea.

Girando por Salas

Pasa dan urriaren 14an aurkeztu eben ‘Arima Soul’ diskoa Donostiako Imanol Larzabal kultur aretoan. Hurrengo kontzertuak Aretxabaletan (gaur), Durangoko azokan (abenduaren 11n) eta Getxon (2023ko martian) eskainiko dabez. Ostean Espainian kontzertu batzuk emoteko asmoa be badauka taldeak. Girando por Salas zirkuituan parte hartzeko aukeratu dabe Arima Soul. Arte Eszenikoen eta Musikearen Institutu Nazionalak sustatzen dau zirkuitu hau, gaur egungo musikea bultzatu, eta talde eta musikari barriak ezagutarazoteko helburuagaz. Estaduko 676 taldek hartu dabe parte aurtengo edizinoko hautaketa prozesuan eta 26 izan dira aukeratuak, tartean, Arima Soul.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00