Literatur Amuak jaialdia hasi da gaur Ondarroan. Udalak antolatzen dauan ekimena da. Euskerea eta sormena buztartzen dira jaialdi honetan. Mikel Santiso, udaleko komunikazino arduradunak azaldu deuskunez, literatureari erreferentzia egin arren izenburuan, diziplina guztietako euskerazko sormenari emoten jako garrantzia. Gaurtik zemendiaren 28ra bitartean egingo da jaialdia Ondarroan. Goizean, ikasleakaz izan dabe saioa Kofradia Zaharrean. Ugaitz Alegria aktoreak gidatuta, alkarrizketa musikatua eskeini deutse. Arratsaldean bitartean, gaur, Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren irabazlea jakinaraziko da eta igaz beka irabazi eban egileak, Julen Apella berriztarrak, Sakeleko Bihotzak lana aurkeztuko dau.
Herriko sortzaileak
Itoiz, udako sesioak dokumentalaren emonaldia eskeiniko da domekan eta ostean egingo dan solasaldian Jose Garate, Foisis-ek hartuko dau parte, dokumentalaren egileakaz batera. Arimen Gaua tartekatuko da Literatur Amuak jaialdian. Ahalegin handia egin dabe egun horretarako herriko eragile desbardinek, Halloween gaua Arimen Gaua bihurtu daiten. Zemendiaren 1ean bitartean, Ondarroako sortzaileak izango dira protagonista. Goizean ‘Kalian Gora, Maria Behera‘ literatur ibilbideetako bi emongo dabez jakiten Mikel Etxaburu eta Leire Bilbao idazleek. Jarraipena emongo deutse iaz Kirmen Uribek eta Ana Urkizak sortutako multzoari. Bestalde, Juan Fernandez Egiguren argazkilari ondarrutarraren Iruditeriak izeneko erakusketea ikusgai dago eta honen ostean Aitor Urkiola Brontxe herriko marrazkilariaren komiki erakusketea eskeiniko da Literatur Amuak jaialdian zemendiaren 28ra bitartean.
