Literatura Mentoretza jarri dau abian Euskal Idazleen Elkarteak. Hasibarriak diran idazleei begira sortutako ekimena da batez be. Mikel Ayllon Euskal Idazleen Elkarteko zuzendaritza taldeko kideak azaldu deuskunez, orain urte bi, Durangoko Azokan, asko izan ziran eurengana jo ebenak aholku eske. Gainontzeko idazleek be eskatu leikie mentoretza, generoz aldatzeko orduan esate baterako.
8 hileko iraupena
Urtarrilaren 28ra bitartean aurkeztu daitekez proiektuak Euskal Idazleen Elkartean. Ondoren, hiru proiektu sarituko dira eta eurek jasoko dabe mentoretza. Honakoak 8 hileko iraupena izango dau. Martitik urrira bitartekoa. Epe honetan liburua amaitzea litzateke egokiena Ayllonen esanetan. Dana dala, gerta daiteke, bekaren bat jaso izana eta epeak beste batzuk izatea.
Euskal Idazleen Elkarteko hogei idazle azaldu dira prest mentoretza egiteko. Proiektu irabazleak zeintsuk diran ikusita erabagiko dabe nortzuk egingo daben mentoretza. Poesia, narratiba, komiki eta antzerki arloetako eskarmentuzko idazleak. Mikel Ayllonek esan deuskunez, mentoretza ez da lan erraza. Mentorea ez dala editorea gogoratu dau.