Martiaren 9tik 28ra bitartean egingo da Bilbon, Loraldia Festibalaren hamabigarren edizinoa. Euskal kultura garaikidearen topagune nagusia bihurtu da Loraldia urteotan. Haziz joan dan jaialdia da. Gero eta publiko gehiago dauka eta euskal kulturea, gune handietara be heldu da. Amaia Ocerin komunikazino arduradunak esan deuskunez, sortzaileentzat be hitzordu garrantzitsua bihurtu da Loraldia. Oparitzat hartzen ei dabe askok parte hartu ahal izatea. Baga, Biga, Higa, Maurizia! leloa aukeratu dabe hamabigarren edizinorako. Festibala ez dala programazino sorta bat bakarrik azpimarratzen dabe, estrategia kulturala baizik. Euskerazko sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emon, publikoa aktibatu eta kultur transmisinoa lortzea dira asmo nagusiak.
Ekoizpen propioak
25 jarduera eta diziplina anitz aurtengo egitarauan. Garrantzi handia daukie ekoizpen propioek. Bost guztira aurten. Ikimilikiliklik Vol. 2 da horreetariko bat, ikuskizun eszenikoa. 50 urte bete dira Mikel Laboak eta Artze anaiek izen bereko lana kaleratu ebenetik. Gorazarrea egin nahi deutse emonaldi honen bitartez. APPA MAURIZIA be eskeiniko da, Loraldia Sormen Digitala bekaren hirugarren edizinotik sortutako proiektua da. Ines Osinaga eta Lorea Azkarate dira honen egileak. XXI. mendeko erromeria sortu dabe. Ahaztu Nirekin izeneko ekoizpena izango da aurten be. Idazle batek izaten dau urtero testu bat sortzeko enkargua. Miren Agur Meaberena da aurtengoa. Honek Antton Valverde aukeratu dau eta testuaren barri zuzenean jasoko dabe Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariek, Amaia Agirreren agindupean. Bozak, bestalde, Bira Kulturgunean izango da aurten be. Emakume sortzaileen kontzertu laburrak bertan. Eta hirugarren urtez, Goroldiorik ez ekimena be egingo da. Uria eta mendia lotzen dauz honek. Arraitz mendira egingo da ibilbidea eta Habia hirukotearen kontzertua eskeiniko da bertan. Aipatzekoa, Bilboko Sociedad Filarmonicaren egoitzan izango dirala aurten be, bigarrenez, emonaldietariko batzuk. Lorazain eguna be ez da faltako, martiaren 26an izango da Bidebarrieta liburutegian. Loraldia.eus webgunean egitarau osoa eta sarrerak be bertan erosi daitekez. Emonaldiak izango diran aretoetan be bai.
