Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990) teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarrak jaso dau aurtengo Gladys saria UPV/EHUko Informatika fakultadean (Donostia). Epaimahaiak Argarateren ekintzailetasuna, dibulgazino-lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu dauz.
Lorea Argarate Bilbon jaio zan eta gaur egun Berlinen bizi da. Arlo akademikoan Fisika gradua hasi baeban be, telekomunikazino ingeniaria da (Deustuko Unibertsidadea, 2016). Antolakuntza Industrialeko graduondokoa egin eban (Deustuko Unibertsidadea, 2017) eta master bi: Big Data & BI (Deustuko Unibertsidadea, 2017) eta irakasleen prestakuntza masterra (VIU, 2018). Blockchain programea be osotu eban Deustuko Unibertsidadean (2018). Egun Tazebaez kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko barrikuntza eta digitalizazino prozesuetan dihardu Berlinen eta Bilbon.
Lorea Argaratek Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, ez eban saria itxaroten. “Kasu honetan errekonozimendu honek ilusino piloa egin deust, izan da zerbait ez nebana espero” aitortu dau bilbotarrak. Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazinoan morgilduta, bertako eta kanpoko agenteakaz harremanetan, jakintzak partekatuz. STEAM ikuspegia oso presente izan dau, InspiraSTEAM proiektuaren hasiera bizitzeko aukerea izan eban-eta. Gaztea izan arren, foro askotan parte hartu dau.
Gladys saria
PUNTUEUS eta UPV/EHUko Informatika fakultadeak antolatzen dabe Gladys saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bardintasunerako organoaren, Danobatgroup industria-taldearen babesagaz, eta UPV/EHUko Bardintasun zuzendaritzearen laguntzeagaz. Gladys sariak ingurune digitalean dabilzan emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten daben lana gizarteratzea dauka helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzeagaz batera.