Lourdeseko Andra Mariaren Bizkaiko Hospitalidadeak Bilboko Eleizbarrutiaren erromesaldia antolatu dau beste urte batez. Erromesaldia urriaren 13tik 15era egingo da, eta Bilboko Eleizbarrutitik 550 pertsona inguru joango dira Frantziara.
Joseba Torrontegi Lourdeseko Andra Mariaren Bizkaiko Hospitalidadeko kideak azaldu deuskunez, aurten 90 bat gaixo joango dira Bizkaitik. Eurekaz batera, 200 boluntario eta beste 250 erromes. Medikuak, erizainak eta farmazeutikoak be joango dira taldean. Urriaren 13an goizeko 07:00etan urtengo dabe Bilbotik, Jesuitak Indautxu ikastetxetik.
Lourdeserako erromesaldia 1958.urtean hasi zan egiten eta ordutik hona harrera bikaina dauka Bilboko Eleizbarrutian. Santa Bernardetteren agerraldien mendeurrenean ospatu zan lehenengoa, Erromesaldietarako Eleizbarrutiko Batzordeak sustatuta. 1983.urtetik Lourdeseko Andra Mariaren Bizkaiko Hospitalidadea arduratzen da erromesaldia antolatzeaz. Unean uneko Bilboko gotzainek beti parte hartu izan dabe erromesaldi honetan. Aurten be on Joseba Segura gotzaina Lourdesen izango da.