Korrikaren eragina igarten dabe, hasierako erronka bera mantendu arren

AEKko Nazino Kontseiluko kideak euren sarea aurkeztu deusku

Lurdes Etxezarreta: “Ekimen erraldoi bi egin gura doguz Korrika eta gero”

AEK sarea aurkeztu deusku Etxezarretak / Bizkaia Irratia

Euskera arloan ilusino urtea da aurtengoa, izan be, Korrikak ilusinoa eta poza eragiten deuskuz. Lasterketa datorren eguenean, martiaren 19an, abiatuko da Atharratzetik eta martiaren 29an amaituko da Bilbon. Korrika AEKren ekimena da, eta gaur Korrika, AEKren sarea, euskerearen egoerea, preminak eta bestelakoak aztertu doguz, AEKko Nazino Kontseiluko kidea dan Lurdes Etxezarretagaz. Esan deuskunez, Korrikaren eragina igarten dabe, hasierako erronka bera mantendu arren.

Horren harira, Korrika ostean euskeraz jarraitzearen garrantzia nabarmendu gura dau aurton AEKk. Horretarako, berebiziko arreta eskainiko deutsie 12. egunari. Hori dala eta, egitasmo bi jarriko dabez martxan Korrika amaitu ostean: “Ekimen erraldoi bi egin gura doguz Korrika eta gero”. Batetik, doako eskola orduak eskainiko dabez apirilaren 12an. Bestetik, maiatzean, euskerea kalera aterako dabe. Horretarako, mintzodromoak antolatuko dabez Euskal Herriko txoko desbardinetan.

Ganera, AEK sarea aurkeztu deusku Etxezarretak. Esandakoaren arabera, bakotxaren beharren araberako eskaintza eskaintzen daben 100 euskaltegi baino gehiago dagoz Euskal Herrian, horreetako 30 baino gehiago Bizkaian. Ganera, ikaslearen profilaren ganean sakondu dau Etxezarretak: “Geure ikasleen %60a baino gehiago emakumezkoak dira. Gehienek 35-40 urte dabez”.

Aldarrikapenei jagokenez, euskerearen unibertsaltasuna eta doakotasuna aldarrikatzen ditu AEKk aspalditik, normalizazinorako pausu garrantzitsu legez. Izan be, euskerearen inguruko egoerea ez da bera Euskal Herri osoan: zonifikazinoa, ofizialtasun eza… Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eragozpen horreek dagoz. Ondorioz, AEKtik egitura egonkor eta iraunkor bakarra aldarrikatzen dabe.

Beste albiste eta podkastak...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00