Geuretik Sortuak bekeagaz sortutako Hamarreko bitxia liburua aurkeztu eben orain hile bat Ziortza-Bolibarren. Hamar idazlek sortutako hamar narrazino laburrek osotuten dabe liburua. Narrazino horreen artean, bada bat, Gollebarren erroak luze izenekoa. Maddi Arozenak idatzi dau, eta istorioan Ziortza-Bolibar udalerria eta bertako herritarrak dira protagonistak.
Maddi Arozenak azaldu dauanez, igazko udan egonaldi bi egin ebazan Ziortza-Bolibarren. “Holako leku euskaldun batera iristen nazenean, poztasun handia izaten da, ez dozu pentsau behar norekin euskaraz aritu eta norekin ez… oso modu naturalean mintzo da jente guztia euskaraz. Hori izan zan lehenengo arnasgunea niretzat, oso pozgarria”.
Arozenaren hasierako asmoa, istorioa Euskal Herria banatzen daben muga bietan kokatzea zan eta zuhaitzak garrantzia izatea narrazinoan. Ziortza-Bolibarrera heldu zanean, ideia apur bat aldatu ebala aitortu dau. Herritarrakaz izan eban hartuemona, batez be emakumeakaz. “Herriko emakumeakaz konexino berezia sortu zan eta batez be, Sabinagaz. Laster argitu neban Sabina izango zala protagonistea. Baina Sabina horren barruan dagoz beste herritar guztiak”.
Gollebarren erroak luze idaztea “esperientzia bikaina izan da, oso-oso aberasgarria” azpimarratu dau Maddi Arozenak. Zalantza barik, Ziortza-Bolibarrek Arozenaren “barne geografian” toki berezia izango dau.