Mahai Editoriala izeneko ekimena egingo da bihar eta etzi Hendaian. Euskal artisten lanak aurkeztu eta erosi ahalko dira bertan. Euskal Herriko arte diziplina ezbardinetako 26 artista alkartuko dira Hendaiako Bordeline Fabrikan euren argitalpenak aurkeztu eta partekatzeko. Sistema Eragilea izeneko egitasmoa da antolatzailea. Bertatik, Marina Arranzek azaldu deusku, artista eta argitalpenen topaketea dala Mahai Editoriala. Orain arte, holango ekimen bi egin dira. Lehenengoa hiru tokitan antolatu eben, Iruñeako Katakraken, Azpeitiko Dinamoan eta Bilboko Artiatx gunean 2021. urtean. Bigarrena Azpeitian izan zan barriro handik urte betera. Antolatzaileek proposamenak jasotzen dabez eta batzorde batek aukeratzen dau zer izango dan topaketan.
Ipar Euskal Herriko artistak lehenengoz
Oraingo honetan, 72 proposamen jaso dabez eta 19 izango dira Hendaian. Artista bakotxak 20 minutu inguru izango dauz bere lana aurkezteko eta ostean erea egongo da publikoagaz partekatzeko. Marina Arranzek izango diren performancea-k azpimarratu dauz. Ainara LeGardon, Lara Molina, Déborah Bron & Camille Sevez, Maita Vélez… dagoz performanceak egingo dabezan artisten artean. Egun bietan, amaitzeko, musikea izango da, DJ SET zapatuan eta IbonRG eta Garazi Navas domekan. Mahai Editoriala publiko orokorrari zabaldutako ekimena da eta ez da sarrerarik ordaindu behar.
