
Maialen Aldazabal zestalaria izan da protagonista asteon Bizkaia Irratiko Emakumeak Jokoan irratsaioan. Aldazabalen euskal selekzinoa danen ahoan izan da azken egunetan. Izan be, euskal selekzinoak Gernikan jokatu dan Jai Alai Nazinoen Liga txapelketan hartu dau parte eta oso irudi ona eskaini dau, bigarren amaituta.
Euskal selekzinoak Mexiko eta Frantzia itxi ebazan atzean lehen fasean eta Espainiaren aurka jokatu eban finala. Partidu erabagigarrian, Mugartegik eta Lejardik osotutako bikoteak eskuratu eban garaipena. Edozelan be, urrats historikoa emon dau euskal selekzinoak, bere lehen txapelketa ofizialean selekzino lez parte hartuta: “Euskal selekzinoagaz jokatzea oso berezia da”.
Denporaldi ona
Aldazabalek nabarmentzeko denporaldia burutu dau orain arte. Esaterako, orain dala aste batzuk Bilboko Iron Cup txapelketako finala jokatu eban Ihartegaz batera, Elaia eta Fridaren aurka. Lehen setean 11-15 irabazi arren, 15-11 eta 5-0 galdu eben bigarren eta hirugarren setean, hurrenez hurren. Aitatutako porrota alde batera utzita, erronka barriak ditu Aldazabalek dagoeneko buruan.